SAN PEDRO APOSTOLUA ELEIZA
Arratia
Arantzazu / Zelaia auzoa
Folletoa
Zelaia z/g, 48140
p.santiago.zeanuri@bizkeliza.org
Oinplanoa [3], kurutze greziarrekoa da, baina luzatuta dago beheko atalean. Hemen, alboetan, zerbitzu-gela bi dagoz. Burualdearen alboan, hegoalde eta mendebaldea zeharkatzen dauan eleizpean sartzen dan sakristia dago atxikita. Oinplano hau gitxi gorabehera angeluzuzenera mugatzen da, uneren baten karratu bihurtzeko aukera azertu bazan be, aitatuko doguzan hormatutako ateen arabera, eleizpea iparraldera zabaltzeko aukera aztertu eben-eta, eta bigarren sakristia eraikitzekoa, dagoanagaz en pendant [4].
Barrualdeko eremua [5] [6], homogeneoa da eta, txikia dala kontun hartuta, begipean hartu daitekena. Bolumenak barruuko banaketa burualdetik ikusten izten dau [7], baina ez aurrealdetik [8], fatxada-estalkiak bere atzean geratzen dana estaltzen dau-eta, hain zuzen be alboko gelen altuera-desbardintasuna ezkutatuz eta tenpluaren irudia erregularizatuz.
Hormaren egitura [9] hormarri irregular amarra da, gaur ia erabat bistan barrualdean zein kanpoaldean –non finkapen-idulki txikia ikusi daiteken [10]–. Ohikoa danez, harlandua dago ertzetan, hutsarteen inguruan eta kanpantorre gehienean. Barrualdean, hormek zementuzko erlaitz hanpatua dabe errematetik lau metro ingurura, erlaitz horretatik hasita zarpaituta dagozalarik. Guzti hau, 1983ko uholdeen ostean egindako esku-hartzearen emaitza da.
Deigarria da hormetan ate izan ziranak eta gaur egun hormatuta dagozanak egotea. Burudun hutsarteak dira, zarpiatzearen azpian ezkutatzea seguru zan harlauza bertikal traketsez osotutako tunel okertuagaz. Zehazki bi dagoz [11] [12] [13], oinaldeko gelen beheko solairua kurutzaduraren besoakaz lotuko eukienak. Beste bi, zuzenean aurrekoen gainean jarrita [11], bietako bat [12] hormatu ez dana, nahiz eta, gaur egun, inora ez eroan; kurutzaduraren beso horreetan dalako balkoi edo korridoreetara urteteko pentsatuta egozala emoten dau. Gainera beste bat [14], korutik atarako zan gaur egun existitzen ez dan iparraldeko gelako goiko pisurantz -eta hemendik alde horretako korridorera-. Beste bat [15], zuzeneko urteera izango zan kanpoaldera, kurutzaduraren hegoaldeko besoan zabaldutakoaren parean, seguruenik sekula eraiki ez zan iparraldeko eleizpera igarotzeko. Azkena [16], burualdeko iparraldeko horma-atalean dago, sakristiako atearen parean, eta esan dogunez, bigarren sakristiarako pentsatuta egongo zan. Azken bi honeek ez dira kanpoaldera agertzen, hau da, hormak eraiki ondoren zulatzea pentsatu ebela emoten dau, barrutik zabaltzen hasi eta kanpora heldu baino lehen ideia bertan behera itziz eta zulatutakoa hormatuz, ertzak harlanduz zehaztu baino lehen. Egitasmoaren antolamendua burutu izan balebe, oinplanoa, aitatu dogunez, karratua izango eitekean, eta tenpluak goi korridoreak izango eukezan besoetan eta bigarren sakristia eta, kanpoaldean, eleizpe zabalagoa. Bermeoko Andra Mariaren Zeruratzea edo Muruetako Andra Mariaren Jaiotza lako tenplu handiagoen ereduagaz parekotasunak dituan eredua da, baina harrigarri gertatzen da eleiztar gitxi dituan honako parrokia baterako.
Fatxada [8], lau angeluko pinoia da eta tenpluaren zabalera osoa hartzen dau, alboetako gelak barru, eta holan, azaldu dogunez, gela batek -iparraldekoak- besteagaz altueran dauan aldea ezkutatu egiten da. Erdialdea apur bat aurreratu egiten da nabeari dagokion zabaleran. Moldurak zehaztutako triangelu-formako frontoian amaitzen da.
Zoladura, egurrezkoa da, oraintsukoa, oinaldeko geletan izan ezik, iparraldekoa lur egosiko lauzez [17] eta bestea terrazoz [18] lauzatuta dagoz-eta.
Horma-bular barik, euskarria, karga-hormak dira.
Estalkia, egurrezko egitura nabarmena da [19], bakarrik mentsulen eta hormen beheraguneaz baliatuz hormetan zurkaizten dan egitura handia, zuzenean teilatuari eusten deutsana. Gangak, bitxiak dira, igeltsuzkoak; desmuntatu egin ebezan 1983ko uholdeen ostean egindako barritzerako.
Teilatua [20], isurialde bikoa da, hiru aldeko isurialdea gehituta besoetan eta burualdean.
Leihoak [21] [22], hutsarte termal dira burualdean, kurutzaduraren besoetan eta mendebaldeko fatxadan, guztiak barruko taulamenduaren gainetik. Kanpoaldera, oinaldekoaren ingurua plaka leunaz apainduta dago [23], baina gainerakoak ez.
Sarbide bi ditu. Oinaldekoa [24], dobeladun ateburua da plakazko moldura eta laprandura arineko kainoi eta arku okertuagaz, tenpluko gainerako igarobide guztietan lez, nahiko traketsa [25], seguruenik zarpiatzearen azpian ezkutatzeko ustea ebelako. Alboan, gailoidun urbedeinkatu-ontzia dago, beste nonbaitetik hartu eta hemen aprobetxatutako pieza barrokoa, eta bere gainean, zirkulu-formako plaka kurutzearentzat [26].
Beste igarobidea, hegoaldeko besoaren muturrean dago [27]. Aurrekoaren bardina da, baina urbedeinkatu-ontzi soilagoa, leuna, dauka [28]. Sarbide honeen gainetan -eta tenpluko gainerakoen gainean-, hormaren pisua arintzen daben deskarga-arkuak dagoz.
Esan dogunez, hegoaldeko sarbidearen parean, beste bat egon zala atzematen da, baina hormatuta dago.
Koruak hartzen dau oinaldeko besoaren zati handi bat [6]. Hiru zeharragatan bermatzen da, mentsula eta besoen gainean [29]. Atal biko baranda dauka marketeria-hagakaz.
Behealdeko geletako batetik, hego-mendebaldeko ertzetik, iristen da bertara, egurrezko eskaileratik. Goian, burudun atetik igarotzen da korura [30] [31].
Alboetako gelak eremu errektangularrak dira. Lauzatuta dagoz, adreilu trinko karratuz [17] iparraldekoa –baptisterio izandakoa eta gaur egun berogailuaren makina dagoan lekua– terrazo modernoaz hegoaldekoa [18]. Biek daukiez burudun sarbideak [29]. Aitatu dogunez, gela honeetan kurutzaduraren besoetan eroango eukien sarbideen arrastoak dagoz [11] [12] [13]. Sarbideen tankerako leihoen bidez argiztatzen dira [32] [33].
Iparraldeko gelak beheko solairua baino ez dauka, baina kanpoaldera nabearen altueraren aldea fatxadak ezkutatzen dau neurri baten [8]. Hegoaldeko gelan, bere aldetik, korura igoteko egitura dago eta torrearen oinarriarena egiten dau. Bertan, gainera, kurutzaduran legoken balkoi korriturako urteera dago [12].
Burualdearen hegoaldean, beste burudun igarobide batek [34] sakristiara garoaz. Hau, sabai aizunaz estalitako eremu errektangularra da [35]. Hegoaldera, burudun leiho barria dago.
Hego-mendebaldeko ertzetik torrera goaz [36]. Neurri baten, alde horretako gelaren gainean zurkaizten da zuzenean, baita torrearen oinplanoa gelarena baino txikiagoa izatean, ezinbesteko izan da gelan arku zorrotzean amaitzen dan zeharkako karga-horma sartzea [37]. Konponbide berezia da gotikotik erabat aldendutako sasoian aukeratutako arku-motagaitik.
Tenpluaren estalkiaren gainetik urteten dan azpiko multzoaren gainean eraiki da kanpantorrea, dadoa, gehiena harlanduzkoa, alde bakotxean -higatuta dagoz- plaka leunezko kapiteldun erdi-puntuko hutsarte bat daukana. Profil zuzeneko beste moldura baten ondoren kupula dago, haize-orratza eta kurutzea hartzen dituan zilindroan amaituta.
Koruan abiatzen dan egurrezko eskailera kiribiletik iristen da korura [38].
Eleizpeak [39] gaur egun tenpluaren oinaldea eta hegoaldea ixten dau bakarrik, baina aitatu dogunez, noizbait pentsatu izan eben iparraldera hedatzea be. Teilapea hagaburuetan bermatzen da eleizan eta kanpoaldera oinarri zuzenean hormatxoaren gainean, banku jarraituagaz oinaldean. Petril hau gitxi gorabehera sarbideakaz bat datozan igarobide bitan zabaltzen da. Zolata, zementuzkoa da. Eleizpe honen hego-mendebaldeko ertzari atxikita egoan San Fausto ermita, gaur egun txoko bihurtuta dagoana.
1093an, “abbate domno Isinario de Aranzazu” dalakoak baieztatu eban, besteak beste, Bizkaiko Jaunak Alboniga eleiza (Bermeo) Errioxako Donemiliaga monasterioari dohaintzan emon eutsana 1BALPARDA Y DE LAS HERRERÍAS, 1974a, 2. lib., 288. or. . Datu honek herrian tenplu bat egoala egiaztatzen dau. Gainera, garrantzitsua izango zan, bertako arduraduna Bizkaiko Jaunaren segizioko kidetako bat zan-eta. Esan dagigun “abbate” baten aitamen hau ez dala monasterio bat egotearen probatzat hartu behar. Erdi aroko Bizkaian, monasterioa parrokiaren sinonimoa da eta abat titulua parrokoari dagokio. Beraz, 1093an Arantzazun egoana, parrokia eleiza izango zan.
Beranduago, Juan Nuñezen Kapitulu-xedapenean -1342an egindako lege-bilduma-, Arantzazun eta Izurtzan, “suele librar los pleitos de la iglesia en el Sennorio de Vizcaya” azaltzen da, eta horrek, beste behin be, eleiz antolamenduan leku nabarmena ebala agertzen deusku 2HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY et al, 1986a, 46. or.. Eta 1456 eta 1471an, Arantzazuko San Pedro eleizateko ordezkariak agertu ziran batzar nagusietan, Gernikan: landa-eremuko Bizkaia osoan lez, parrokiak emoten eutson izena udalerriari 3HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY et al, 1989a, 294., 357-358 or..
Baina, harrigarria bada be, parrokia ez da errege-tenpluen edo laiko patronatuko tenpluen artean agertzen 1383, 1415 eta 1487an 4 HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY et al, 1989b, 266. or. ITURRIZA Y ZABALA, 1967a, 1. lib., 214-219. ork. ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ et al, 1992a, 124-132. ork. DACOSTA MARTÍNEZ, 1999a, 25, 34. ork., jaun- edo errege-kontrola, edo lekuko familia garrantzitsuren batena, saihestea lortu izan baleu lez -eta horregaitik Arantzazu ohiz kanpoko kasua litzateke.
Baleiteke tenplua 1500etik lasterrera berreraiki izana, Bizkaiko gehienak lez, sasoi horretakoak emoten daben arrastoak ditu-eta (bateoarria, beharbada horman sartutako irudi txikiak). Baina 1616-1617ra arte ez dogu eraikinaren itxuraren barririk. Korrejidoreak, Bizkaiko tenpluen benetako egoera ezagutze aldera, bialdutako perituek urte horreetan egindako ikuskapenean, zera esan eben: “estar acabada la dicha yglesia assi de la obra de canteria como de carpinteria y que esta cerrada por todas las quatro hesquinas y cantones, y el techo esta cubierto de madera y tablas pintadas distinto y separado del tejado y sirbe de bobeda, y por ser la obra bieja esta en seis partes con resquicios y agujeros pequeños de ajeme y de apalmo por aber faltado en partes pedaço de tablas y en otras aportado y descossidose unas tablas de otras… (y el tejado) tiene nesçesidad de retejar luego que si no se aze corre gran peligro… Y también tiene la dicha yglesia su coro de madera y tablas bien acabado (…), el techo esta cubierto como el de la yglesia. Y tiene la dicha yglesia una puerta a lado de hepistola ademas de la principal que esta enfrente del altar mayor. Y porque la dicha yglesia hes pequeña y baja y la bobeda de la capilla mayor mucho mas, el altar esta oscuro y no se podra ber ni dezir missa los dias que no fueren serenos y claros con la luz del dia sino hes la de achas o belas”. Kanpoaldean, kanpantorrea egur eta oholezkoa zan, zulo batzuk eukazan zoruan eta alboetan, “todo desballijado”. Eta eleizpea “estaba cubierto de tejabana y rodeado y cercado de pared por todas las quatro hesquinas y que el suelo esta desygoal y en el tienen los vezinos y feligreses de la dicha yglesia sus sepulturas unas mas lebantadas que otras” 5AGS, Eleiz patronatua, 181-1-3 leg..
Antza danez, ez zan ezer egin horren inguruan, izan be 1619an, beste peritu batek, Francisco Alonso de la Aza kantabriar arkitektoak, hauxe inoan parrokiaz: “hes muy pequeña y oscura y las sepulturas estan en el çimiterio (=pórtico) y asi hes menester hazer un ochabo nuevo para que sea capaz la yglessia para las dichas sepulturas… (La cubierta está) muy mal parada y con gran necesidad de rreparo porque tiene muchas adberturas y rrisquiçios y por ellas ay muchas goteras respeto de estar el tejado desvalixado y perdido… y que asimismo la torre de las campanas esta de tablas viejas rrotas y mal paradas y las paredes del çimiterio defectuosas”. Bere kalkuluen arabera, honako kostua eukien egin beharreko lanek: 400 dukat otxabo edo kantoi ebakiak, 300 teilatu barriak, 300 eleizpak eta beste 400 torreak. Guztira: 1.400 dukat 28 auzotar inguruk osotzen eban eleiztar-taldearentzat 6Ibid., 200-2-5 leg..
Ez dakigu une haretan ze lan egiteko moduan izan ziran, baina, antza danez, ezin izan eben gauza handirik egin, data horren osteko agirietan mantentze-lan txikiak baino ez diralako aitatzen, batez be teilabarritze-lanak, eta esku-hartze garrantzitsu bakarren bat, esate baterako, 1786an, Francisco Antonio Urquiza hargin eta Igorreko bizilagunak kanpai-horma egin ebanean 420 erreal kobratuta. Sasoi haretan, Iturrizaren azalpenen arabera, tenplua 20 x 5 metrotako eraikina zan, ganga bakoa eta inguruan eleizpea ebana. Ermita bat baino apur bat gehiago 7AHEB-BEHA, San Pedro Apostolua parrokia - Arantzazu, Kontu eta bisiten liburua, 1672-1828, 0138/002-00 sign. ITURRIZA Y ZABALA, 1967a, 1. lib., 335. or. .
Dozenaka urteren buruan, baliabiderik ezak eraginda, eleiza egoera negargarrian gertatu zan, erortzeko zorian. Egoera honen aurrean, 1826an, akordioa egin zan ugazabagaz, Baldecarzanako markesagaz, tenplu barria, “decente y capaz para cuatrocientas a quinientas almas”, eraikitzeko. Eleiza barria Pedro Manuel Ugartemendia gipuzkoar arkitektoaren egitasmoaren arabera altxatzekotan ziran, baina honen atzerapenak zirala-eta, azkenean Manuel Fermin Vidaurre durangar akademikoaren “nuevo plano y condiciones” onartu ebezan. Lanen guztizko aurrekontua 68.000 errealetan finkatu zan, gero 55.000era jatsita. Dirua markesak jarri eban eta eleizateak, bere aldetik, lagungarriak eta auzotarrek bere lana eta gurdi-abereak. Tomas Inchaurraga, Domingo Amorrortu eta Diego Inunciaga arduratu ziran obrak egiteaz. 1826ko irailaren 29an, zimenduak delineatu ziran eta 1828ko ekainaren 24a zan obra entregatzeko eguna, baina 1829an baino ez zan baimena ekatu meza ospatzeko, lanak amaitutzat joz. Denporaldi horretan, eleizkizunak ondoko San Fausto ermitan ospatu ziran 8BFAH-AHFB, Bizkaiko administrazinoa, Eleiz gobernu eta gaiak, AJ01333/041 sign. AHEB-BEHA, San Pedro Apostolua parrokia - Arantzazu, Kontu eta bisiten liburua, 1672-1828, 0138/002-00 sign. LABAYRU Y GOICOECHEA, 1968-1972a, 8. lib., 120., 265-267 or. BARRIO LOZA, 1989-1991a, 1. lib., 380-381 or. REMENTERIA FERNANDEZ, 1996a, 25-26 or..
Horren ostean, ohiko lan txikiak egin ziran, 1950-1952an egoera oso txarrean egozan gangak eta teilatuak konpondu ziran arte 9AHEB-BEHA, Santiago Apostolua parrokia - Arantzazu, Kontu eta bisiten liburua, 1924-1966, 0142/003-00 sign.. Antza danez, esku-hartze hau ez zan egokiena izan, 30 urteren buruan, 1982an, gangak eta hormak jausteko arriskuan egozan-eta. Azkenean, Nikola Madariaga eta Lander Gallastegi arkitektoek egindako egokitze batzuen ostean, lanei ekin eutsien: eraikin osoaren azpia barritu, zimenduak indartu, hormak saneatu, estalkia berregin -orduan gangak kendu egin ziran-. Guztira, 34.000.000 pezeta inguru gastatu ziran. Haundiegia ez bada be, Arantzazuko San Pedro eleizak badau garrantzirik, bere diseinu neoklasiko egokiagaitik (greziar kurutzea angeluzuzenaren barruan), baina argi eta garbi bitarteko gutxigaz burututa. Apaltasun horretan, zenbait osagai nabarmentzen da besteen gainetik, esate baterako, torrea, fatxada eta kontzeptu orokorra, ondo integratutako neoklasizismoarena 10BARRIO LOZA, 1990a, 105. or..
ALTZARIAK
Altzarien urritasuna nabarmena da gaur egun San Pedro eleizan. Baina, agirien bidez dakigu 1616tik hasita zelan egon dan altzariz hornituta. Alboetan pare bat erretaula egoala emoten dau, txiki eta pobretzat eukiezanak, eta Arrosarioko Andra Mariaren irudi eroangarria, urre-kolorekoa. Eleizak baeban erretaula altara nagusian. Bizkaiko Jaurerriko teniente jeneralak egindako bisitan esaten danez, eleizak “tiene tres altares a saber hes el mayor que aunque tiene pequeño retablo esta bien acabado de bultos de figura entera y media y de nogal con sus pilares y balaustres”. Urtebete beranduago, korrejidoreak Isabel Angela Abendaño ugazabandrearen aurkako epaia emon eban, eta bahituta egozan hamarrenak apaingarriak erosteko eta konponketetarako erabiltzea agindu eban. Pedro Artaeche brodatzaileak egin eban aurrekontua 1617an. Premina nabarmenak egozala ikusita, eleizatik eskaera barria egin eutsoen korrejidoreari ehun-apaingarriak, hirugarren altararako kaliza, Gorpuzti egunerako kustodia, zidarrezko kopoia, nabeta, zidarrezko ur-ardo ontziak, zidarrezko argiontzia eta atril bi eskuratu ahal izateko 11AGS, Eleiz patronatua, 181-1-3 leg..
Handik urte batzuetara, 1677ko kontuetan, kasulla morearen eta anda-oihal baltzaren erosketaren gastuen oharra idatzi zan. Eta 1682an, 104 errealeko ordainketa dago: “componer y limpiar el bulto del santo” 12AHEB-BEHA, San Pedro Apostolua parrokia - Arantzazu, Kontu eta bisiten liburua, 1672-1828, 0138/002-00 sign.. 1869an, altara barrien eraikuntzari buruzko datuak agertu ziran, Blas Maria Belaustegi agindu eutsiezan. Eta 1875ean be, ordainketak egiten ziharduen tabernakulu barria egin, jarri eta horretan erabilitako materialengaitik 13AHEB-BEHA, San Pedro Apostolua parrokia - Arantzazu, Kontu eta bisiten liburua, 1850-1924, 0142/004-00 sign.. Gaur egun, eleizan erretaula nagusia dago eta hainbat pieza solte, batzuk, kalitatezkoak.
Erretaulak
Tenpluko erretaula [40] bakarra maila bakarrean burutzen da, bankuagaz, hiru kaleko pisuagaz eta erdian, teilatupea.
Multzoan [41], ardatzak zutabeen aurrean dauden ildaskatutako joniar pilastrek bereizten dabez. Hauek erdi-puntukoak dira, erdikoa hutsarteetan sartutako arkubarneragaz eta arku-arteetan aingerutxoak dituana, eta albokoak, panel hutsak.
Euskarriek markatutako koskak taulamenduan mantentzen dira, listel eta aingeru-buruekin, eta teilatupean errepikatzen da [42]. Hemen, zutabeen atzean jarritako pilastrek eta zutabeek, oraingoan konposatuak eta idulkien gainean altxatuta, erdi-puntuko horma-hobia hartzen dabe, hau be hutsarteetan sartutako arkubarneragaz, eta arku-arteak orbelez apainduta. Horma-hobi hau obalo eta erronboen katedun buruagaz babesten da eta honek frontoi okerra dau gainean.
Bankuan panelak dagoz, alboko kale bakotxeko bi, ebanjelarien erliebeakaz (35 x 40): San Joan [43], San Markos [44], San Mateo [45] eta San Lukas [46]. Konposizio klasikoak dira irudiak eserita daudela, Tetramorfosaren ikurrak daukiez.
Euren artean, sagrarioa [47] hexagonoerdi-formakoa, zutabe konposatuakaz era bereko pilastren aurrean eta panelak beste erliebe batzuentzat, Kristo Kurutzea daroala atean, Kristo Berpiztua eta beste paretan Kristo Zutabera lotuta [48].
Multzoan, goi-erliebeak, Santiago Gaztearena [49] (125 x 48,5) eta San Paulorena [50] (125 x 48,5), San Pedroren [51] (100 x 63 x 38) irudi eseriaren albo banatan. Teilatupean, Sortzez Garbi [52] txikia, erretaulari ez dagokiona. Errematean, Kristo Kurutziltzatua [53], makinaren garaikidea, loditutako anatomiagaz eta tamaina handiko gerripekoagaz.
Altzari txikia da, baina guztiz egokia, estilo erromanistakoa da, XVI. gizaldiaren azkenetan egindakoa. 1616ean hartaz esaten zen ona eta nahikoa zela, urreztatu gabe zegoen arren 14AGS, Eleiz patronatua, 181-1-3 leg..
Eskultura
Andra Mari (Ama Birjina Umeagaz) [54] (106 x 40 x 19). Egur polikromatua. Maria eserita eta Umea ezkerreko belaunaren gainean. XIV. gizaldiaren erdialdeko irudi gotikoa da eta urteen buruan ikutuak jaso izan dituala emoten dau. Sasoi baten, desagertutako Justo eta Pastor Santuak ermitan egon zan15LIZARRALDE, 1934a, 55., 244. or..
Arrosarioko Andra Mari [55] (121 x 46 x 40). Egur polikromatua. Zutik dagoan eta besoetan Unea dauan Andra Mariaren irudi egokia. Barrokoa izango da, XVII. gizaldiaren azken herenekoa.
San Anton [56] (128 x 58 x 35). Egur polikromatua. Zutik dagoan eta liburu eta makilari oratzen deutson santuaren eskultura. Artelan honen egikera moderno samarra da, 1900 ingurukoa edo apur bat aurrekoa.
Iparraldeko besoaren horman sartuta, aingeruen? irudi bi [57] (22 x 11,5 x 11 y 17,5 x 11 x 19). Harria. Aurpegiera zakarra dabe, erdi arokoa izan daiteke.
Metalak
San Joseren kanpaia [58] (41 x ø44,5). Brontzea. Ezkiladuna. Echebaster Hijo Vitoria etxean egindakoa. Idazkuna dauka: SANCTE JOSEPH ORA PRO NOBIS 190116BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005a, 40-41 or..
Kanpaia [59] (48 x ø51,5). Brontzea. Ezkiladuna. Echebaster Hijo Vitoria etxean egindakoa. Honek be idazkuna dauka: … JUBILATE DOMINUM IN CYMBALIS BENE SONATIBUS AÑO 190117Ibid..
Kanpaia [60] (68 x ø87). Brontzea. Ezkiladuna. Echebaster Hijo Vitoria etxean egindakoa. Idazkuna dauka: LAUDATE DOMINUM IN CIMBALIS… LAUDATE DOMINUM AÑO 190618Ibid..
Eleiz Museoan itzitako osagaiak
Andra Maria (Ama Birjina Umeagaz) [63] (63,5 x 18,5 x 18). Egur polikromatua. Erromanikoa, 119019CILLA LOPEZ eta GONZALEZ CEMBELLIN, 2008a, 20-21 or. LIZARRALDE, 1934a, 18., 244. or..
San Fausto [64] (95 x 38,5 x 28). Egur polikromatua. Egikera apaleko eskultura, hedatutakoa, seguruenik XV. gizaldiaren amaierakoa edo XVI. gizaldiaren hasierakoa.
Aingeru bi [65] [66] (35 x 14,5 x 12 y 34 x 19 x 11). Egur polikromatua. Barrokoaren hasierakoak izan daitekez, XVII. gizaldiaren lehenengo laurdenekoak.
Prozesinoetarako kurutzea [67] (102 x 57). Zidarra bere kolorean eta kobre zidarreztatua eta gainetik urreztatua. Pieza errenazentista bikaina, 1540-1550 ingurukoa20BARRIO LOZA eta VALVERDE PEÑA, 1986a, 53. or. CILLA LOPEZ eta GONZALEZ CEMBELLIN, 2008a, 228. or. CILLA LOPEZ, 2022a, 1. lib., 141. or, 2. lib., 8. zenb..
Kaliza [68] (24,3 x 13,5 x 8). Zidarra gainetik urreztatuta. Estilo klasizistako pieza da, apaingarri bakoa, XVII. gizaldiaren amaierakoa 21CILLA LOPEZ, 2022a, 1. lib., 312., 317. or., 2. lib., 428. zenb..
Erakustoki edo kustodia-eguzkia [69] (19 x 17). Letoi urreztatua. Barrokoa, XVII. gizaldikoa 22Ibid., 1. lib., 258. or., 2. lib., 78-M zenb..
Krisma-ontzia [70] (9,3 x ø4 oinarria x ø5 gehienez). Zidarra bere kolorean. Sigue los modelos del siglo XVII, aunque puede tratarse de un trabajo del XIX.
Karraka [71] (27,5 x 23,5 x 7,5). Egurra. Kolpekari bigaz. XIX. gizaldikoa, edo beharbada XX.ekoa.
<p>JMGC - RCL</p>
Juan Manuel González Cembellín – Raquel Cilla López
1. BALPARDA Y DE LAS HERRERÍAS, 1974a, 2. lib., 288. or.
2. HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY et al, 1986a, 46. or.
HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY, Concepción, LARGACHA RUBIO, Elena, LORENTE RUIGOMEZ, Araceli, eta MARTINEZ LAHIDALGA, Adela. Fuentes jurídicas medievales del Señorío de Vizcaya. Cuadernos Legales, Capítulos de la Hermandad y Fuero Viejo (1342-1506). San Sebastián-Donostia: Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, 1986. (Fuentes documentales medievales del País Vasco bilduma, 8. zenb.). Eskuragarri hemen: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/publicaciones/fuentes-juridicas-medievales-del-senorio-de-vizcaya-cuadernos-legales-capitulos-de-la-hermandad-y-fuero-viejo-1342/ar-1526/
3. HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY et al, 1989a, 294., 357-358 or.
HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY, Concepción, LARGACHA RUBIO, Elena, LORENTE RUIGOMEZ, Araceli, eta MARTINEZ LAHIDALGA, Adela. Colección documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo I. San Sebastián-Donostia: Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, 1989 (a). (Fuentes documentales medievales del País Vasco bilduma, 20. zenb.). Eskuragarri hemen: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/publicaciones/coleccion-documental-del-archivo-municipal-de-durango-tomo-i020/ar-1125/
4. HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY et al, 1989b, 266. or.
HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY, Concepcion, LARGACHA RUBIO, Elena, LORENTE RUIGOMEZ, Araceli, eta MARTINEZ LAHIDALGA, Adela. Colección documental del Archivo Municipal de Durango. Pleitos. Tomo IV. San Sebastián-Donostia: Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, 1989 (b). (Fuentes documentales medievales del País Vasco bilduma, 23. zenb.). Eskuragarri hemen: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/publicaciones/coleccion-documental-del-archivo-municipal-de-durango-pleitos-tomo-iv023/ar-1128/
ITURRIZA Y ZABALA, 1967a, 1. lib., 214-219. ork.
ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ et al, 1992a, 124-132. ork.
ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ, Javier, HIDALGO DE CISNEROS AMESTOY, Concepción, LORENTE RUIGÓMEZ, Araceli, y MARTÍNEZ LAHIDALGA, Adela. Colección documental del Archivo Municipal de Lequeitio (1325-1474). Donostia: Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, 1992. (Fuentes documentales medievales del País Vasco bilduma, 37 zenb.). Eskuragarri hemen: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/publicaciones/coleccion-documental-del-archivo-municipal-de-lequeitio-tomo-i-1325-1474037/ar-1142/
DACOSTA MARTÍNEZ, 1999a, 25, 34. ork.
DACOSTA MARTÍNEZ, Arsenio F. “Patronos y linajes en el Señorío de Bizkaia. Materiales para una cartografía del poder en la baja Edad Media”. En Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía. Donostia-San Sebastián: Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, 1999, nº29 zenb. , 21-46. ork. Eskuragarri hemen: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/publicaciones/vasconia-cuadernos-de-historia-geografia/ar-1393/
ITURRIZA Y ZABALA, 1967a, 1. lib., 335. or.
ITURRIZA Y ZABALA, Juan Ramon de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Angel Rodriguez Herreroren arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1793-1795eko eskuizkribua), lib. 2.
LABAYRU Y GOICOECHEA, 1968-1972a, 8. lib., 120., 265-267 or.
BARRIO LOZA, 1989-1991a, 1. lib., 380-381 or.
REMENTERIA FERNANDEZ, 1996a, 25-26 or.
10. BARRIO LOZA, 1990a, 105. or.
15. LIZARRALDE, 1934a, 55., 244. or.
16. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005a, 40-41 or.
BARRIO LOZA, Jose angel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, Maria, eta ROMANO VALLEJO, Maria. Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 2005. (Inventarios bilduma, 12. zenb.). Eskuragarri hemen: https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/index.asp?idioma=CA
17. Ibid.
18. Ibid.
19. CILLA LOPEZ eta GONZALEZ CEMBELLIN, 2008a, 20-21 or.
LIZARRALDE, 1934a, 18., 244. or.
20. BARRIO LOZA eta VALVERDE PEÑA, 1986a, 53. or.
BARRIO LOZA, Jose Angel, eta VALVERDE PEÑA, Jose Ramon. Platería antigua en Vizcaya. Bilbao: Arte Ederren Museoa, 1986.
CILLA LOPEZ eta GONZALEZ CEMBELLIN, 2008a, 228. or.
CILLA LOPEZ, 2022a, 1. lib., 141. or, 2. lib., 8. zenb.
CILLA LOPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 lib. (Kultura Ondarearen Ikerketak bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen:ttps://dialnet.unirioja.es/servlet/libro?codigo=868944
21. CILLA LOPEZ, 2022a, 1. lib., 312., 317. or., 2. lib., 428. zenb.
CILLA LOPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 lib. (Kultura Ondarearen Ikerketak bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen: https://dialnet.unirioja.es/servlet/libro?codigo=868944
22. Ibid., 1. lib., 258. or., 2. lib., 78-M zenb.
CILLA LOPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 lib. (Kultura Ondarearen Ikerketak bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen: https://dialnet.unirioja.es/servlet/libro?codigo=868944