ETXEZARRAGAKO SAN MARTIN ERMITA

Arratia

\

Artea | San Martin auzoa

i

Folletoa

San Martin auzoa z.b., 48142

p.jesusenbiotza.artea@bizkeliza.org

ERAIKINA[1]

Ermita izen bereko auzoan dago, muino baten gainean eta bere trazadurea hari egokituta. Bertatik haran osoa ikusten da.

Oinplano lauangeluarra dauka [2], eta gorputz bi ditu sartaldeko [3] eta hegoaldeko [4] fatxadetan atxikita. Estalgiak isurialde biko teilatua dauka, eta gailurra sarrerako ateagazko perpendikular jarrita dago.

Hormak harlangatx irregularragaz eginda dagoz [5], eta lauza luzangak erabili dira baoen azpaduretan eta eskantzuetan [6]. Kanpokaldea agerian dago, eta barruko paramentuak, barriz, zarpiauta eta luziduta [7]. Burualdean erretaulearen polikromia bera dago [8]. Hegoaldeko horman leihoburu zuzeneko horma-hobi txiki bat dago, harrizko lauzaz inguratua [9].

Zoladurea egurrezko oholtzazkoa da, eta altara aldean gorago dago, eremuak bereizteko [10].

Estalgia oin dala gitxikoa da, eta bistako egurrez eginda dago [11]. Egiturea paraleloan jarritako egurrezko zortzi zutoinetan bermatuta dago: lau muturrak horman txertatuta dagoz [12], eta burualdeko erdiko biak, barriz, urdinez polikromauta dagoz, malba-koloreko beheraguneakaz, erretauleari jarraitutasuna emoteko [13]. Burualdera heltzen diran berme-habeak bolutakaz apainduta dagoz muturrean [14].

Iparraldeko horman dago tenplurako sarrera bakarra [15]. Arku zorrotzeko bao zabal bat da, harlanduzko janbetan bermatutako dobela handi oker bik osotua; sarrera hori aldatu egin da barruan, erremate zuzena eukiteko [16]. Moltsoa ur bedeinkaturako ontzi bategaz osotzen da [17], tipologia xumekoa eta gitxi gorabehera hemisferikoa dan kikara baten itxurakoa.

Argia oin dala gitxi gailurrean edegitako argi-zulo batetik dator [18]. Nahi-ta eraikin hermetikoa izan, jatorrian gezileiho estu eta luze bat euki eban hegoaldeko horman. Gaur egun itsututa dago [19].

Kanpai-hormea [20] sartaldeko alboan dago, eta erdi-puntuko arkuko bao bakarra dauka kanpairako. Metalezko kurutze bat dauka goikaldean.

Moltsoak sarrerea babesten dauen arkupe itxi perimetral bat dauka [21] sartaldeko eta hegoaldeko fatxadetan. Lurraren desnibela dala-ta, etxebizitza-gune bat eratzen dau. Historiografiaren arabera, seroraren bizileku izan zan. Arkupea egurrezko egitura bategaz estalduta dago [22], eta harrizko eta zementuzko zorua dauka [23].

San Martin ermita inguruko tenpluen ezaugarriak dituan landa-aldeko gurtza-gune xume bat da. Halanda be, kanpokaldeko gehigarriek haren jatorrizko fisonomia aldatu dabe nabarmen, eta irakurketa gatxeko moltso bat sortu.

Ezohiko eraikuntza bat da, eta 1741ean aldaketa nabarmenak egin jakozan kanpokaldean. Hain zuzen be, gehitu egin jakon “una casilla baja pegada a dicha hermita y su havitacion tiene en el suelo donde vive el sacristan ynquilino […] y un cortijo pequeño cubierto con su ttejado y paredes” 1AHEB-BEHA, Parroquia San Miguel Arcángel, Artea, Cuentas e inventarios de la ermita de San Martín, 1734-1801, sign. 1746/002-00.

Mende horretan, teilatua barritu zan behin baino gehiagotan, paretak luzidu ziran eta kanpai-hormea eregi zan. XIX. mendearen hasieran, portadako teilatuan esku hartu zan barriro, eta gela bat, labea eta ate barria jarri ziran sakristauaren etxe atxikian 2Ibid..

Gaur egun daukan itxurea 2011n egindako zaharbarritze integralaren ondoriozkoa da. Esku-hartze hatan lan honeek egin ziran: buruhormak harlangatxez errematau; barruko paramentuak zaharbarritu; ganga bat jarri, egurrezko oholtxoakaz egindako sabai aizunagaz; zoladura barria, gaztainondozko oholeriagaz; eta erretaula, tailuak, altara-mahaia eta zenbait altzari zaharbarritu 3ACOB-KBGA, Expediente de obras sobre la restauración interior de la ermita de San Martín de Artea perteneciente a la parroquia Sagrado Corazón de Artea, 2011, sign. D2-0681/006..

ALTZARIAK

Erretaulak

 

San Martinen eta San Antolinen erretaulea [24] (128 x 119 x 37,8). Egur polikromaua. Egitura sinple eta funtzionaleko altzaria. Gorputz nagusia altara-mahaiaren gainean dagoan kaja angeluzuzen goratu bat da. Horma-hobi bi ditu, alkarri lotutako erdi-puntuko arkuakaz errematauta, eta erdiko bereizle barik. Ate tolesgarriak ditu [25], eta, horreei esker, guztiz edegi eta itxi daiteke barruko espazioa. Halan, armairu-erretaula edo otoiztegi itxigarri deritxenen antzeko tipologia eratzen da. Arkitektura-lerro sinpleen konbinazinoagaitik nabarmentzen da moltsoa. Aurrean [26] altara-mahai bat dauka, zeinak aurrekalde trapezoidal alderantzikatua daukan, albo kurbatuakaz eta moldura nabarmenduakaz, eta erdian apaingarri zirkular huts bat margotuta. Apainketa-sistemea polikromiaren mende dago batez be, eta ez tailuaren mende. Tonu urdinak, baltzak, gorrixkak eta okre urreztatuak dira nagusi, eta listel linealek mugatutako azal lau zabalen bidez dagoz emonda. Gama kromatiko horrek intensidade handiko efecto bisuala sortzen dau, eta zuzeneko loturea dauka garai barrokoko alde kantauriarreko landa-eremuko zenbait etxe-altzariren dekorazinoagaz. Alboetako korbetan, pintzelez egindako dekorazinoa dago, IHS bategaz. Kanpoko ateek atzekalde ilunaren gainean pintautako dekorazinoa daukie, bai eta zutabetxuak alboetan eta zirkulu erdi tetralobulaua be goitik, santu titularren ezaugarri bereizgarriez gain. Baten “S. Martin” idazkuna dago, mitreagaz eta makuluagaz batera [27], eta bestean, barriz, “S. Antolin”, bere martirioari lotutako aizto baten ondoan [28]. Lengoaia piktorikoa sintetikoa eta herrikoia da. Ate horren barruko aldeak [29] [30] landara-erroleoakaz, lora-pitxerrakaz, zinta uhinduakaz e tonu gorrixka, berde e okrez egindako beste apaingarri batzukaz dekoratuta dagoz. Pintura horreek rokoko-kutsu herrikoi argia daukie. Dokumentau da Ventura de Valoisek 1753an esku hartu ebala horma-hobi e ate horreek margotzen 4AHEB-BEHA, Parroquia San Miguel Arcángel, Artea, Cuentas e inventarios de la ermita de San Martín, 1734-1801, sign. 1746/002-00.. Barrukaldean, erretaulak San Martinen e San Antolinen tailuak ditu. San Martinen eskulturea [31] (91 x 49 x 23,5) gotzain lez irudikatuta dago, mitreagaz, eleiz-kapeagaz eta makuluagaz, eta bedeinkapena emoten dau eskumako eskuagaz. Konposizinoa egonkorra e aurretikoa da. Arpegiera gozo e nasaia dauka. Arabere gehiago, adeitsua. Jantzita dituan erropek tolestura zabalak e zurrun samarrak daukiez, neurri handi baten polikromiaren aberastasunak alaituak. Bestalde, San Antolinen irudia [32] (78 x 45,5 x 25,5) gazte bat da, motibo begetalez e urre-koloreko estofatuez apainduta dagoan dalmatika gorri aberatsez jantzita. Liburu edegi bat e martirio-labana daroaz, baita manipulua be, besaurre baten. Irudia trinkoa da, zurrun samarra, jantzita daukan erropearen egikerea dala-ta, nahi-ta besoek dinamismo apur bat sortzen daben. Arpegi hurbila dauka, hazbegi finekoa e arpegiera naturalekoa, lepoko ebagi handia jasan ondoren berezkoa izango leukeen dramatismorik bakoa.

1741eko albiste baten aitatu ziran “bulto txikerreko eta pipiak jandako” San Martinen e San Antolinen irudi zahar batzuk. Halanda be, 1753an dokumentau zan “santu barriak” kokatuta egozala, e horren kostua 314 errealekoa izan zala, Elorrioko uribildutik ekartea barne. Ondoren, Andres de Samarripa margolariak estofau e urreztatu ebazan eskultura biak –Bilbotik ekarriak–, 220 errealen truke 5Ibid.. Beraz, konserbautako dokumentazinoaren arabera, moltsoa 1753. urte ingurukoa da.

Eskultura

 

Zerua [33]. Egur polikromaua. Erretaularen gainean dago, egurrezko hauts-babes edo errezel modura. Inklinauta eta urtenda dago, eta baldakin babesle txiki lez funtzionetan dau, altarea bisualki markoztatuz eta fededunen eremutik sinbolikoki bereiziz. Piezeak taula angeluzuzen zabal bat dauka goian, albotik eutsia eta aurrekaldetik profil uhinduko zerrenda apaingarri batek erremataua. Tonu ilunak dira nagusi —berde baltzaxkak, marroiak eta gorrixkak—, erretaulearen gainerako programa kromatikoagaz eta barruko espazioagaz koherenteak. Hauts-babesaren intradosean dekorazino bat dago, atzekalde gorrixkearen gainean margotua. Erdian kurutze bat ikussen da, eta, alboetan, apaingarri begetalak eta Espiritu Santuaren usoa. Goiko aurrekaldean “1858” datea dago margotuta, eta seguru asko elementuaren barritze edo birdekorazino bati egiten deutso erreferentzia, eta ez derrigorrez zerua egin zan jatorrizko urteari. Izan be, estiloaren ikuspuntutik, piezeak nahiko lehenagoko ezaugarriak ditu, erretaulea egin zan garaikoak, eta jakin badakigu 1753an ipini ebela altarearen gainean, “un toldo o guarda polvo de sobre el altar de dicha hermita, la tabla manifactura clavason y pintura”, 98 errealen truke 6Ibid..

Margolanak

 

Horma-hobirako horma-irudia [34]. Tenpera-pintureagaz egindako horma-irudia, edo entokau gaineko teknika mistoa. Horman zulotutako eta beharbada artxiboa izateko sortutako lau angeluko horma-hobi txiki baten inguruan, dekorazinozko horma-pintura interesgarri bat dago. Hutsunearen inguruan, tonu okrez eta gorrixkaz margotutako listel bat dago. Azpian mentsula moldurau txiki bat dago margotuta, kanpai-formako profil alderantzikatukoa eta zintzilikario esferikoko erremateduna. Dana dala, goikaldean dagoz motiborik interesgarrienak. Ornamentazinoa simetrikoki artikulauta dago, tonu urdinxka eta berdexkako hosto handien bidez. Hosto horreetatik baia horixkak daukiezan adarrak jausten dira, eta horreek, goikaldean, zinta uhindu morexkaz lotuta dagoz, eta fruituak eta beste barazki batzuk ateraten diran lorontzi txiki baten alkartzen dira. Ornamentazino-lengoaia errepertorio barroko berantiar sinplifikauetatik dator. Halanda be, hemen formak askatasun herrikoi itzelagaz berrinterpretauta dagoz. Baleiteke kronologia bat etortea moltsoari buruz ezagutzen dan dokumentazinoagaz. 1753an Ventura de Valoisek erretaulako horma-hobiak e ateak margotu ebazanez, seguruenik horma-dekorazino hau kanpaina piktoriko berekoa da, edo oso une hurbileko batekoa. XVIII. mendearen erdikaldekoa.

Metalezko gauzak

 

Altarako kurutzea [35] (30 x 16,2 x 7,7). Letoia. Oinarri zirkular mailakatu baten gainean dago. Profil konkortua dauka, eta antolaera erradialeko landara-frisoaz, arrabaz e galloiz apainduta dago. Oinarriaren gainean lepo txiker bat dago, kurutzerako bererako trantsizinoa egiten dauana. Kurutzeak beso zuzen e lauak daukaz, nahiko sekzino estukoak, e forma lobulau foliazeoakaz burutuak. Erdian, izpi zuzen desbardinen pirrintea daroa. Kristoren irudiak anatomia nahiko eskematikoa dauka, gorputza luzanga e fina, beso horizontal oso zabalduak, e hankak ia tolestu barik. Garbitasun-oihalak ez dauka tolestura askorik. Arpegia ia ez da zehetasunez igarten, e horrek adierazoten dau moldeko ekoizpen seriau batekoa dala. Piezea eklektizismoaren barruan kokatzen da, XX. mendeko lehen hamarkaden inguruan.

Kanpaia [36]. Brontzea. Ezkiladuna. Oxkar eklektikoakaz, begetalakaz e Kurutzefikapenagaz apainduta dago. Idazkun bat dauka sorbaldetan. XIX-XX. mendeetakoa.

Beste elementu batzuk

 

Mahai-atrila [37]. Egur polikromaua. Egitura trinko e itxiko elementu sinplea, kurba jarraituan ebagitako alboko euskarri batek eutsitako taula inklinau baten bidez eregia. Silueta orokorra dotorea e arina da, e lerro uhinduak e profil bihurgunetsuak dira nagusi. Oinaren formea oso xumea da, ia lobulaua. Goiko aldeak, barriz, tope txiker bat dauka aurrekaldean, liburuak laban ez egiteko. Dekorazinoa soil-soila da. Ez dago apaindurako tailurik, baina badauka apaindura zuhur bat, piezearen ingeradea zehartzen daben urre-koloreko listelez margotua. Tonu baltz antzeko polikromia ilunak egur nobleak imitetan dituala dirudi, itxura duina lortu guran, dekorazino-baliabide handietara jo barik. Profilen hondar-dinamismoa barrokoaren lengoaiari jagoko hondino, e apainketa zainduak e eraikuntza-xumetasunak, barriz, formula herrikoi aurreratuagoen seinale dira. XVIII. mendearen amaierakoa.

Interes etnografikoko elementuak

 

Debozinozko horma-hobia edo kapila [38] (103,5 x 89,5 x 21). Egur polikromaua. Debozinozko horma-hobia edo kapila, barruan irudi bat gordeteko sortua. Gaur egun, Lourdesko Ama Birjina moderno bat dauka, lora artean. Formeari jagokonez, egitureak lerro soileko tenplete arkitektoniko txiki baten itxurea hartzen dau. Gorputz nagusia prismatikoa eta bertikala da, eta erdi-puntuko arku beheratuan amaitzen dan nitxo bat dauka. Atetilak itxigailua dauka, eta bandak alboetan. Goiko erlatxaren gainean erremate simetriko bat dago, profil estilizauko pinakuluz osotua, eta, erdian, kutsu historizistea daukan kurutze bat, kanpai-formako oinarri baten gainean. Polikromia, kolore urdin bizikoa, uniformetasunez aplikauta dago egitura osoan. Mende-aldaketako herri-erlijinotasunaren ohiko pieza bat da, non debozinozko elementuen metaketak otoitzerako gune intimo txikiak sortzen zituan. XIX. mende amaierakoa izango da.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA, San Migel Goiaingeruaren parrokia, Artea, San Martin ermitako kontuak eta inbentarioak, 1734-1801, 1746/002-00 signaturea.
2. Ibid.
3. ACOB-KBGA, Arteako Jesusen Bihotzaren parrokiaren jaubetzako Arteako San Martin ermita barrutik zaharbarritzeko lanei buruzko espedientea, 2011, D2-0681/006 signaturea.
4. AHEB-BEHA, San Migel Goiaingeruaren parrokia, Artea, San Martin ermitako kontuak eta inbentarioak, 1734-1801, 1746/002-00 signaturea
5. Ibid.
6. Ibid.