PIEDADEKO ANDRA MARIAREN ERMITA
(San Bartolome parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Areatza | Urigunea
Folletoa
Errukiñe kalea 25 (48143)
p.sanbartolomedeuna.areatza@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Areatzako uribilduko herrigunearen hegoaldeko muturrean, kaleagaz lerrokatuta, Piedadeari eskainitako oinplano [2] laukizuzeneko ermita hau dago. Herrigune baten mugetan eta bidean bertan dagozan ermita edegietan ohikoa dan lez, bide horretan dabilzanentzako kuruztoki-funtzinoa beteten dau.
Aparailua harlangatxez eginda dago [3], baina kanpokaldetik ia ez da ikusten, zarpiau oparoaren ondorioz, eta barrukaldean guztiz ezkutauta dago, harlauza irregularrakaz estalduta. Ertzak hareharrizko harlanduz indartuta dagoz [4].
Zolak harrizko lauzak daukaz [5], hormen estaldurearen antzekoa. Aurretik egoan zorua, baldosakaz egindakoa, ordezten dau.
Lau isurkiko teilatua dauka [6], piramidala, egurrezko egitura baten gainean [7]. Egitura hori zuzenean hormearen gainean finkatutako habeetan bermatzen da, eta ertzetan ipinitako korbakaz indartuta dago [8].
Sarrerea ermitaren oinaldean dago [9], kaleagaz lerrokatuta, adierazo dan lez. Hutsune dinteldua da, eta egurrezko markoa dauka, orri biko ate batentzat [10]. Fatxadearen gainerakoa lez –guztiz edegia–, egurrezko haga torneauak ditu [11], eraztun- eta zilindro-formakoak; horreek ardatz-itxura daukie alboko horma-ataletan [12]. Horma-atal horreek, barriz, hareharrizko harlanduzko hormatxu baju baten bermatuta dagoz.
Sarrerako ateburuaren gainean, irudi titularraren aurrean otoitz egiten dabenari emondako induljentziak adierazoten dituan koadro bat dago [13]:
“Los Yll(ustrísi)mos. S(eño)res. D(o)n. Juaquin Moron, Obispo de Valladolid. / D(o)n. Francisco Mateo Aguiriano Gómez. D. Ygnacio / Rives y Mayor, D(o)n. Pablo Avella, Obispos de Calahorra: / conceden cada uno á 40 días de Yndulgencias, a los que / Rezaren una Salve, delante de esta Santa Ymagen de / la Piedad. Del mismo modo conceden á 40. dias de / Yndulgencias por Rezar un Credo al Santisimo Christo / que tiene en su Regazo; Rogando á Dios por las felicidades / de la Santa Yglesia”.
(“Jaun txit goren honeek: Juaquin Moron jn., Valladolideko gotzaina. / Francisco Mateo Aguiriano Gómez, Ygnacio / Rives y Mayor, Pablo Avella, Calahorrako gotzainak: / bakotxak 40 eguneko induljentziak emoten deutsez / Piededaren Irudi guztiz Santu honen aurrean Salbe bat errezetan dabenei. Era berean, 40 eguneko induljentziak emoten dabez harek bere altzoan daukan / Kristo guztiz Santuari Kredo bat errezeteagaitik; Jaunari otoitz eskatzen Eleiza Santuaren / zorionagaitik”.
Ur bedeinkaturako ontzi txiki bi dagoz, fatxadearen alboetako aurrekaldeetan zulotuta, lurretik distantzia gitxira. Kanpora ateraten ez diran esfera-laurden formako hutsune txikiak dira [14].
Argiztapena aurrekaldeko fatxadako hutsune edegitik baino ez dator [15].
Oinetan kanpai-horma neoklasikoa dauka [16]. Kareharrizko harlanduzko hutsune bat da, erdi-puntuko arkuaren formakoa, bertan kanpaia ipinteko. Goikaldean, hegal molduradun oso urtena dauka, eta, horren gainean, albo okerrak dituan frontoi triangeluar txiki bat eta metalezko kurutzea eta haize-orratza dituan bola bat.
Piedadeari buruzko lehen barri dokumentalak 1674. urtekoak dira. Urte hatan, honako hau aitatu zan ermitari buruz:
“estaba indeçente y sin persona que tubiese custodia de su luminaria y de los hornamenttos della y abia pedido (la villa, como patrona) por deboçion el cuydado dello a Doña Magdalena de Ybarra viuda veçina de la dicha billa” (lotsagarri egoan, eta bertako argiztapenaren eta apaingarrien zaintzaz arduratzen zan inor barik, eta debozinoagaitik eskatu eutsan (uribilduak, patroia zan aldetik) hori jagotea Magdalena de Ybarra andrea aitatutako uribilduko bizilagun alargunari”1BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1665-1709, AREATZA 0136/003 signaturea..
Hirurogei urte geroago, 1733-1734an, berreregi egin behar izan zan, 2.400 erreal baino gehiagoren truke2BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Udal-kontuen liburua, 1727-1766, AREATZA 0153/001 signaturea.. Barriztu arren, teilatua beti izan zan arazo bat, eta, horrenbestez, XVIII. mendean zehar egindako ordainketa ugari dagoz, ermita behin eta barriro teilabarritzeagaitik3BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1791-1813, AREATZA 0159/001 signaturea, 1793ko maiatzaren 26a..
Azkenean, 1792an berregin zan tenplua ostera be. Elorrioko uribilduko arkitekto Gabriel de Capelastegui arduratu zan diseinuaz eta baldintzez, baina badirudi Blas de Añibarrok ekarpen batzuk egin eutsezala baldintzei. 3.000 erreal eta 14 marabedi kostau zan, Capelasteguiri bere beharragaitik ordaindutako 113 errealak be zenbatuta, obrearen azken peritajea barruan zala. Horreei, berrinaugurazinoko ospakizunetan gastautako 1.400 errealetik gora gehitu behar izan jakozan. Izan be, “sermoia eta prozesino formala” ezeze, “nobilladeak” be egon ziran, “eta funtzinoa eta zezenketariak goratzeko su artifizialak eta zuziak ekartea”4BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Udal-kontuen liburua, 1767-1798, AREATZA 0154/001 signaturea; Izendapenen eta dekretuen liburua, 1791-1813, AREATZA 0159/001 signaturea..
Urtebete geroago, udalak hau erabagi eban:
“Gure Gotzain Txit Gorenak Piedadeko gure Andreari emondako induljentzia-papera ermitan ipini daitela, taula baten, eta horren kostua boltsa komunetik pagau daitela”5Ibid..
Kontua da XIX. mendearen amaieran, 1884an, ermita ostera be egoera txarrean egoala, “arrisku” mehatxu eta guzti, eta, halanda ze, sindikoari mandatua emotea erabagi zala, beharrezko xedapenak hartu eitezan6BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Akta-liburua, 1880-1886, AREATZA 0164/001 signaturea. 1884ko maiatzak 8..
Beste mende bat igarota, 1984-1989 urteetan, Capelasteguik diseinau eban ermita guztiz zaharbarritu zan, neurri baten Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker. Hesiaren egurrezko egiturea barritu zan, hormak barrutik forrau ziran, zorua eta estalgia aldatu ziran, eta ordura arte iparreko aldearen gainean egoan kanpai-hormea gaur egun dagoan lekura eroan zan7ACOB-KBGA, Areatzako San Bartolome Apostoluaren parrokiaren jaubetzako Piedadearen ermita konpontzeko lanei buruzko espedientea, 1984-1989, D2-0061/016 signaturea. 1984-1989 urteak. SARATXAGA GARAI, 2003a, 433-435 or..
Emoitzea gaur egun ikusten dogun ermita izan zan.
ALTZARIAK<
Ez dakigu zelakoak ziran ermita honetako altzariak, ez dago-ta kontu-liburu propiorik.
1674an, antza, ermita lotsagarri egoan, baina jagon beharreko “apaingarri eta harribitxi” batzuk eukazan. Horretarako, uribilduko bizilagun Magdalena de Ybarra izentau eben8BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1665-1709, AREATZA 0136/003 signaturea..
Datu horrezaz gainera, ezer gitxi dakigu bertan gordetako elementuez, ezpada irudi titularraz.
Escultura
Piedadea [17] (135 x 151,5 x 54,5). Egur polikromaua. Formatu handiko eskultura-moltsoa, Ama Birjina eta Kristo hila daukazana, debozinozkoa. Andra Maria, monumentala, jesarrita dago, eta bere altzoaren gainean diagonalean etxunda dagoan Kristoren gorpu hila erakusten deutse fededunei. Maria ez dago guztiz abailduta: besoak altzetan dauz erregu- eta bitartekotza-keinua eginez, arpegia goratuta eta zerurantz begira, Semearen eta gizateriaren sakrifizioaren arteko bitartekaria dala azpimarratuz. Kristo bilozik ageri da, garbitasun-oihala izan ezik, heriotzearen pisuagaitik gorputza amore emonda, burua albo baterantz eta begiak itxita. Zauriak, odol-arrastoak eta Pasioaren markak argi adierazota dagoz, baina gehiegikeria dramatiko barik, neurrizko emozinoa lortu guran. Tratamentu anatomikoa naturalistea da, gorputz-enborrari eta gorputz-adarren jauskera bizibakoari arreta berezia jarrita. Bat dator Gaztelako barrokoaren ohiko Piedade ereduagaz, eta, zehatzago, Gregorio Fernándezen tipoakaz, baina arpegiera neurrizkoagoagaz eta konposizino-oreka eta argitasun formal handiagoakaz. Pedro León de Sedano valladolidar artistak sinatu eban oinarrian, 1790ean, eta badakigu “Mayok margotu ebala” –“Mayo la pinto”–, beharbada valladolidar margolari eta urreztatzaile Martín Mayok (1748 eta 1798 artean dokumentaua). Bestetik, luzera desbardinetako izpi zuzenen haloa dauka koroan, eta izpiak koloretako harribitxi-apaingarriakaz burututa dagoz, diademan lez. Tailuaren garai bereko piezea izango da, edo apur bat geroagokoa.
Iturri idatziek dinoenez, 1792an eskerrak emon eutseezan “Piedadean irudia dohainik bialdu dauen personeari, bere ermitan jarri daiten” eta agindua emon eban “berau ipinteko behar dan albo-kokagunea” egin eitean. Handik gitxira, irudia ipintea erabagi eben,
“irailaren bederatzigarren egunean, sermoiagaz eta prozesino formalagaz… eta hurrengoan nobilladak egin daitezala, eta funtzinoa eta zezenketariak goratzeko su artifizialak eta zuziak ekarri daitezala…”9BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1791-1813, AREATZA 0159/001 signaturea..
Hurrengo urtean, Gotzainak induljentziak emon ebazan irudia bisitetan ebanarentzat, ermitan jarritako oholtxu baten adierazotako eran10BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1791-1813, AREATZA 0159/001 signaturea.. Marko bat zan, “barria, urreztatua, Bilbotik ekarria bertan idazteko eta grabetako Calahorrako gotzain jaun txit gorenak Piedadeko gure Andreari emondako induljentziak”11BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Udal-kontuen liburua, 1767-1798, AREATZA 0154/001 signaturea..
Metalezko gauzak
Kanpaia [18]. Brontzea. Ezkiladuna. Kanpai-horman dago, pieza xumea eta funtzionala da, dekorazino bakoa. XIX-XX. mendeetakoa.
Beste elementu batzuk
Induljentziak emoteko dokumentua [19]. Papera. ermita konpondu eta urtebetera, 1793an, Udalak hau xedatu eban: “Gure Gotzain Txit Gorenak Piedadeko gure Andreari emondako induljentzia-papera ermitan ipini daitela, taula baten, eta horren kostua boltsa komunetik pagau daitela”12Ibid.. Sarrerearen gainean dago, markoztauta eta kristalak babestuta. Lehen adierazotako testua dauka.
MRV - RCL - JMGC
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín
1. BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1665-1709, AREATZA 0136/003 signaturea.
2. BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Udal-kontuen liburua, 1727-1766, AREATZA 0153/001 signaturea.
3. FAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1791-1813, AREATZA 0159/001 signaturea, 1793ko maiatzaren 26a.
4. BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Udal-kontuen liburua, 1767-1798, AREATZA 0154/001 signaturea; Izendapenen eta dekretuen liburua, 1791-1813, AREATZA 0159/001 signaturea.
6. BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Akta-liburua, 1880-1886, AREATZA 0164/001 signaturea. 1884ko maiatzak 8.
7. ACOB-KBGA, Areatzako San Bartolome Apostoluaren parrokiaren jaubetzako Piedadearen ermita konpontzeko lanei buruzko espedientea, 1984-1989, D2-0061/016 signaturea. 1984-1989 urteak. SARATXAGA GARAI, 2003a, 433-435 or.
SARATXAGA GARAI, 2003a, 433-435 or.
8. BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1665-1709, AREATZA 0136/003 signaturea.
9. FAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Izendapenen eta dekretuen liburua, 1791-1813, AREATZA 0159/001 signaturea.