SAN ANDRES ERMITA
(Andra Mariaren Zeruratzea parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Igorre | Urkizu auzoa
Folletoa
Urkizu auzoa z/g, 48140
p.andramari.igorre@bizkeliza.org
San Andres ermitak ezohiko oinplanoa dauka, T-formakoa [3], atal bitan banatutako nabeagaz eta albora luzatutako burualdea kurutzadura erara [4][5]. Sasoi baten, buru-hormak absidea eukan erdi-puntuko ahokaduragaz erretaula hartzeko eta, ondorioz, oraingo burualdea, izatez, alboetara zabaldutako lehenengo atala zan.
Hormaren egitura hormarrizkoa da, bistan kanpoaldera zein barrualdera, baina hemen zarpiatuta dagoz gangak -zuriz- eta arkuak -gorri-horiz-. Materiala nahasi samar dago eta aldaketa-arrastoakaz, tenpluaren historian izandako askotariko esku-hartzeen eraginez. Epistolaren horman, kurutzaduratik hurran, horma-hobi zuzena dago [6].
Zolua, azulejuzkoa da [7]; honeek 1793an ipinitako lehengo harlauzen ordez jarri ebezan, zoruaren “tierra movediza” arazoa konpontzeko1AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Fabrika-liburua: kontuak, inbentarioa, bisitak, 1734-1835, 3357/006-00 sign..
Estalkia marmol gorri-hori itxura emondako parpain-arku beheratu leunen gainean iraultzen da [4]. Inposta zakarra dauka bakarrik garaipen-arkuan. Ganga trenkatuez estalita dago eta besoetan kainoi-gangez.
Teilatua [8], isurialde bikoa da, eta hirukoa besoen gainean.
Leihoak erdi-puntuko burudunak dira kanpoaldera zein barrualdera, ia laprandura bakoak [9] [10]. Leihoetako bi kurutzaduraren muturretan dagoz, eta oraintsu jarritako beirate geometrikoez babesten dira. Hirugarrena, hegoaldeko horman dago [11], kanpoaldera oraintsu jarritako burdin sareaz babestuta [12]. Hirurak barrituta dagozala emoten dau: kurutzadurakoetan, dobelak, janbak eta leiho-ertzak baino beranduagokoak izan daitekez; hegoaldekoa, desagertutako korurako igoera argiztatzeko sabai-leihoa izan eitekeana, beherantz zabalduta dagoala emoten dau.
Oinaldean, goialdean, idi-begi txiki bat dago [13], egikera trakets samarra daukana.
Hegoaldean, argiztapenerako gitxienez beste hiru -lau izan daitekez- hutsarteren arrastoak dagoz, gaur egun hormatuta [14], neurri baten gangen azpian sartuta.
Tenpluak sarbide bi dagukaz, bata oinaldean [15] eta bestea eleizpeari lotutako iparraldeko besoan [16]. Erdi-puntukoak dira eta barrualdera kanoi zakarrak dabez, okertua bigarrena, beheratutako arku simetrikoa lehenengoa -egilearen ezintasunagaitik eta ez borondate artistikoagaitik-. Hegoaldeko horman, erdiko parpain-arkuaren azpian, gaur egun hormatuta dagoan egurrezko ateburudun igarobide bakuna atzematen da [17]. Aurrerago aitatuko dogun XIX. gizaldiko barriztatzearen eraginez mobidutako sarreraren barrualdea izan eitekean. Mendebaldeko sarbidearen aldamenean, euren plakak lez -bata kurutzearentzat- kareharrian landutako esferaerdiko urbedeinkatu-ontzi bi dagoz [18] [19]. Iparraldekoaren ondoan, urbedeinkatu-ontziaren lekuan bateoarri txiki bat ipini da [20], eta beronen gainean, plaka be jarri da kurutzearentzat.
Oinaldean, gaur egun desagertuta dagoan korua egoan.
Hegoaldeko besoaren eta nabearen artean, sakristia txikia dago [21], oinplano karratuagaz eta sabai aizunez estalita. Aitatutako besotik sartzen da bertara, harlanduzko ingurua eta ohiko tunel okertua dauan burudun igarobidetik [22].
Mendebaldeko pinoiaren gainean dago harlanduzko kanpai-horma [23], zenbait ezpondaren bidez bolaz koroatutako triangelu-formako errematea jadetsi dauana. Kanpaia hartzeko hutsartea erdi-puntua da plaka gainean.
Kurutzearen besoak bat egitean eratzen da eleizpea [24], teilape erako estalkiagaz. Hau hormarantz bermatzen da isurialde biko teilatuaren egituraren buruetan finkatutako zeharragan, eta kanpoaldera harrizko hormatxoan bermatzen diran oinarri zuzenen gainean. Ingurukoi txitura honek tenplurako sarbideakaz bat datozan igaro bide bi daukaz [25]. Zorua hormigoizkoa da. 1927ra arte, eremu honetan hilobia egoan, “con su cubierta y esqueleto dentro”2ITURRIZA Y ZABALA, 1967a, 1. lib., 334. or. YBARRA Y BERGÉ, 1958a, 515-516 or..
Ezer gitxi dakigu San Andres ermita honen historiaz. Eleizpako desagertutako sarkofagoaren aitamenak, hasiera baten, Erdi Aroan kokatzen gaitu, baina ezin dogu ezer zehaztu. Sarbideetako arkuek XVI. edo XVII. gizaldikoak emoten dabe, baina osagai hain soilak izanda eta testuingurutik kanpo egonda, gatxa da datarik zehaztea.
1674ra arte ez da datu sinisgarririk izango tenpluari buruz; urte horretan, ermita lur jotzeko zorian egoan eta, “hasta dejarla con la seguridad y decencia que corresponde”, konpontzeko agindua emon zan. Gizaldia be ez zan igaro eta 1764an, barriro be lur jotzeko arriskuan egoan eta barriztatzeko eskatu zan3AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Fabrika-liburua: kontuak, inbentarioa eta bisitak, 1734-1835, 3357/006-00 sign. LARREA BEOBIDE, 1994a, 138. or..
1793an, zera gogoratu zan: “antiguamente fue ayuda de parroquia y en ella se celebra el santisimo sacramento”, bisitariak zorua bardintzeko eta lauzatzeko agindua emon ebalarik, “por ser de tierra movediza y enterrarse en ella algunas personas”. Sasoi horretan baieztatu eban Iturrizak informazino hau: “(fue) parroquia en la antigüedad, donde existe la pila bautismal y se entierran en ella los cadáveres, aunque no hay Sacramento”4AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Fabrika-liburua: kontuak, inbentarioa eta bisitak, 1734-1835, 3357/006-00 sign. ITURRIZA Y ZABALA, 1967a, 1. lib., 334. or..
Neurri baten parrokia egitekoak -meza, hobiratzeak- baebazan be, egoera eskasean egoan. Honan azaldu zan 1818an:
“sin torre ni bóveda. Un altar bastante deteriorado y tres imágenes desgraciadas. No tenía sacristía ni púlpito; en cambio contaba con pila bautismal, arrinconada debajo el coro, pero sin uso, pues al efecto iban a la parroquial. Poseía nueve sepulturas, coro de siete pies y medio de anchura, mala escalera para subir a él, cementerio capaz, un confesionario bueno, otro de celosías y un banco”5LABAYRU Y GOICOECHEA, 1895a, VIII. lib., 501. or..
Orduan, Mons. Esteban Zabalak barriztatzea planifikatu eban, baina 1828ra arte ez zan tenplua bedeinkatu, 27.280 erreal kostatu ziran lanak egin ondoren6Ibid. LARREA BEOBIDE, 1993a, 138. or..
Seguruenik orduan, nabearen zatiaz baliatuz, kurutzadura eraikiko zan galdutako absideagaz -honen arrastoa kanpoaldean atzeman daiteke oraindik- [26]. Une horretakoak izango dira gangak be, hegoaldeko leihoak hormatzea ekarri ebenak. Eta sakristia, sarbidea iparraldeko besora lekualdatzea ekarri ebana. Sasoi berekoak izango dira, gainera, urbedeinkatu-ontziak, idi-begia, kanpai-horma eta eleizpea, nahiz eta azken biotan, gerora, esku-hartze ugari izan.
1927an, lan barriak egin ziran, esate baterako oholtza eta hilobi-harlauzak kanpoaldera lekualdatzea. Beharbada orduan aldatu ziran leihoak. Oraintsuago kendu izan da altarako absidioloa eta zerbitzua gehitu sakristian.
2009an, kanpai-hormaren eta eleizpearen estalkiaren kolapsoa zala-eta, barriztatu egin zan.
Eraikin apala bada be, Urkizu auzoko parrokia eleiza izatearen garrantzi historikoak emoten deutso balioa.
ALTZARIAK
Datu gitxi dogu ermitako altzarien inguruan. Eta dagozanak XIX. gizaldikoak dira, 1818 eta 1828an egindakoez dihardugu-eta. Esan dogunez, orduan hauxe egoan: “un altar bastante deteriorado y tres imágenes desgraciadas”, bateoarria, zazpi hilobi, “un confesionario bueno, otro de celosías y un banco”7LABAYRU Y GOICOECHEA, 1895a, VIII. lib., 501. or.. Hornidura eskasa.
Beranduago, 1927-1929an, konponketan egin ziran, besteak beste, irudietan eta altaran; gainera, hilobi-harlauzak kanpora atara eta eleizpeari erabilera barria emon jakon8LARREA BEOBIDE, 1993a, 138. or..
Eskultura
San Andres [27] (67,5 x 29 x 21,8). Egur polikromatua. Idulki prismatikoaren gainean, jarrera nasai eta aurrez aurrekoan, zutik dagoan titularraren eskultura. Tunika berdez jantzita dago eta honen gainean, gainjantzi gorria dauka, tolestura zabal bilkariakaz, zelanbaiteko hanpadura bolumetrikoagaz. Barrokoko ereduak gogorarazoten deuskuz. Aurpegiaren modelaketa naturalista da, bizarraz dago eta gorputz-adierazpen neurritsua agertzen dau. Liburuari oratzen deutso esku batez, eta bestea aurrera zuzentzen dau. Bere ondoan dago nor dan ezagutzera emoten deuskun osagarria, X itxurako kurutzea (decussata), bere martiritzarako erabili eben tresna. Kalitate duina daukan eskultura honen hizkuntza formalak ikuspuntu historizistatik ulertutako barrokoko moldeak gogorarazoten deuskuz. XIX. gizaldiaren amaierakoa.
Urregintza – Zidargintza
Kaliza [28] (23,2 x 14,5 x 14,5). Zidarra bere kolorean. Zirkulu-formako oinarria dauka, berehala kanpai-forman altxatzen dana. Apainketari dagokionez, behean, landare-orlak inguratzen dau eta multzoan hostoak, ‘ce’ak eta loreak dira nagusi. Korapiloa dator gero, udare-formakoa alderantzikatuta, antzeko apainketagaz, eta aurrez aurre dagozan ‘ce’ez eta hostoz apaindutako azpi-kopagaz. Oinarriaren barrualdean, identifikatu bako puntzoia atzeman daiteke. Piezak rocoko inspirazinoko hizkuntza historizista agertzen dau. XIX. gizaldiaren amaierakoa.
Metalak
p>Kanpaia [29]. Brontzea. Ezkiladuna. Profil luzexka samarra, ez dauka idazkun edo galdatzailearen zigilurik. Seguruenik XIX. gizaldikoa.
Beste hainbat osagai
Bateoarria [20]. Harria. Neurri txikikoa, zilindro-formako oinarri zakar motza dauka, eta honen gainean, aska bera, profil zuzen eta leunekoa eta aho biribilduagaz. Apaingarri barik. Beharbada XIX. gizaldikoa.
MRV - RCL - JMGC
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín