SAN ISIDRO ERMITA

(Jasokundeko Andra Mariaren parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Zeanuri | Plaza auzoa

i

Folletoa

San Isidro 5, 48144

p.andramari.zeanuri@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

San Isidro ermitea gehiago da eleizea ermitea baino, bere tamainuari erreparauta. Hain zuzen be, aldi baterako Andra Mariaren eleizearen ordez erabilteko eregi eben, XIX. mendearen bigarren erdian, ha oso egoera kaskarrean egoan-eta garai hatan. Arratia errekearen eta iparraldetik Zeanuriko herrigunera (“Plazara”) sartzen dan kalearen artean dago eraikina, kale horregaz lerrokatuta.

Luzetarako oinplanoa [3] dauka. Zazpi ataleko habearte bat dauka –lehenengo atala alboetara zabaltzen da, eta kurutzadura txiki bat eratzen dau–, baita burualde lauki bat be, habeartea baino estuagoa. Burualdean gela bi daukaz atxikita, bata sakristia lez erabilteko eta bestea eguneroko kapila. Gela horreek, kurutzadureagaz batera, gainerakoa baino zabalagoa dan bolumena eratzen dabe.

Barruko espazioa [4] [5] oso argia da, bateratua, baina luzeegia, zalantza barik.

Aparailua [6] harlangatx irregularrezko hormez osotuta dago; barruko aldean luziduta dagoz harriak, eta kanpoan, ostera, bistan. Sarrerea da aparailu horretan salbuespena, harlanduzkoa da-ta uztaia, sarrerako tunela lez [7]. Bestetik, adreilua ikusten da esku-hartzeak egin diran eremu batzuetan. Burualdean, sagrariorako horma-hobi bat dauka, egurrezko atetxu bategaz itxita [8].

Zorua [9] lauza barriakaz zolatuta dago. Lehenengo tartea –gaur egun burualdean txertatua– habeartea baino maila bat gorago dago, eta presbiterioa askoz gorago, granitozko bost harmaila gorago.

Barruko aldean bistako euskarriak [10] ditu, nabearen atalak banatuz. Sei pilare leun dira albo-horma bakotxean, eta horreen gainean bermatuta dagoz estalgiaren habeak. Kanpoko aldetik horma-bular bakarra ikusten da [11], epistolearen fatxadan, epistolearen hormako bosgarren pilarearen altuera berean.

Barruko aldeko estalgi orokorra sabai aizun bat da, zuriz polikromautako oholez egina [12]. Sabai aizuna habeen artean ikusten da, eta habeek arku fajoien modura eusten deutsie teilatuari, alboetako pilareetan bermatuta. Aireztatzeko, zulo batzuk egin jakoz tarte bakotxaren erdian –eta megafoniarako baliau dira–; horrek itsustu egiten dau eraikina.

Kurutzadurako eta presbiterioko eremuak bestelakoak dira, ez daukie-ta oholeriarik sabaian. Kurutzadura habeartera edegiten dan gunean erdi-puntuko arku handi bat dago xafla lauaren gainean, eta arku hori be pilareetan bermatuta dago. Estalgia hiru horma-arteko kasetoi bat da, baina zementuzkoa, plano-aldaketetan mentsula lau batzukaz sendotua.

Burualdea be erdi-puntuko arku baten ahokatua dago –kasu honetan, estuagoa da arkua [13]–, y kanoi-ganga batek ixten dau. Oinaldeko tarteak be, koruarenak, bestelakoa dauka estalgia. Kasu honetan, ganga beheratu bat, zuzenean hormetan bermatua [14].

Kanpokaldetik, zati bitan bereizita dago eraikinaren estalgia. Nabeak [15] isurialde biko teilatua dauka, eta luzetarako goihabe bat erdian. Baina kurutzadureak eta burualdeak euren estalgia daukie, hiru isurialdekoa.

Sarrerea [7] tenplua lerrokatuta dagoan kalera begira edegita dago. Erdi-puntuko arku bat da, harlanduzko dobela txikiz osotua daukana uztaia, eta, ate-alboak, aldiz, harlangatxezkoak. Atari batek babesten dau, harlandua imitauz margotutako adreiluzko kanoi-ganga daukan tunel moduko batek. Aurrekaldea erdi-puntuko arku bat da, eta dobeladun uztaia eta harlangatxezko ate-alboak daukaz horrek be. Beste sarrera bat dago oinaldean, koruaren azpian [10]. Dinteldua da, eta ez doa kanpora, atxikitako gela batera baino.

Argia [16] barrukalderanzko laprandurea daukien bao dinteldu batzuetatik sartzen da. Tarte honeetan edegita dagoz bao horreek: epistolearen hormeari jagokonez, kurutzaduran bat, hirugarren tartean beste bat eta seigarrenean beste bat; ebanjelioaren horman, kurutzaduran bat; eta oinaldean, koruaren altueran, beste bat [10]. Korua [10] tenpluko azken tartean kokatuta dago. Egitura altua da, obrako arku eskortzano handi baten gainean bermatua. Tarte biko eskilara edegi batetik igoten da bertara. Zorua oholez zolatuta dago, eta hagaxka uztaidun torneauzko baranda batek babesten dau aurrekaldetik [17]. Paretan, egurrezko zokalo altu bat dauka.

Sakristiarako sarbidea [18] epistolearen alboan dagoan kurutzadurearen besoaren iparraldeko horman dago. Sarrera dinteldua da [19], eta gela bera, lau angeluko espazio bat, sabai aizun batez estaldua. Lauzazkoa dauka zorua, eta iparraldeko horman zulotutako hutsarte dinteldu batetik sartzen da argia. Eregite-eskema bera errepikatzen da kurutzadurearen sartaldeko besoan, egunero erabilteko kapilan.

Sarrerearen gainean kanpai-horma bat dago [20]. Nahiko elementu barria da, atal bikoa: beheko atalak erdi-puntuko hutsune bi daukaz kanpaietarako; eta bigarren atalak hutsune bat, ertz kurbauko frontoi triangeluar baten. Frontoiaren erdian beste arku goratu bat dago, gainerakoak baino txikiagoa, y, bertan, kanpaitxu bat. Landarakaz y izpiakaz apaindutako metalezko kurutze batek buru emoten deutso kanpai-hormeari [21].

 

Ermitea eregiteko lanak 1866 inguruan hasi ziran, Andra Mariaren parrokia-eleizea itxi egin behar izan ebela-eta, oso egoera txarrean egoalako y egiturazko obrak egin behar ziralako bertan. Hasieran, parrokiako jaunartze-lekura eroan zan gurtza, baina, oso leku estua zanez, behin-behineko tenplu bat eregitea erabagi eben.

Horrenbestez, 1866rako hasita ei egozan beharrak1AHEB-BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokia, Zeanuri, Kontu-liburua, 1862-1927, sign. 7837/002-00. , eta 1867rako erabilten ei eben. Halan ondorioztatzen da Zeanuriko herritarrek San Isidro eleiza hau konpontzeko 1884an egindako eskari batetik, non esaten dan “priseagaz eregi ebela (…) 17 urte lehenago”. Priseagaz eregite horren ondorioz, hau salatu eben: “Hormek ez daukie euren neurrirako behar adinako sendotasunik, eta horma-bularrak barrukaldean besterik ez dagozanez, joerea daukie jausteko kanporantz, hau da, eleizearen itxuretan areka eratuz igaroten dan errepiderantz”2BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazioa, Gobernua eta Eleiz-gaiak, 1885, sign. AJ01391/017. 1884-1885 urteak..

Konponketa egiteko, bost horma-bular proiektatu ziran sortaldeko fatxadarako, kaleko aldeko hormarako. Obra ha ez zan egin, ez dago-ta halako horma-bularrik, baina, itxuraz, artean eleizea zan harek zutik irautea lortu eban.

1936an beste barrikuntza batzuk egin ziran: sabai y paretetako tenple-pinturea, sabai aizunen konponketea, zarpieteak y arotzeria-lan txikiak.

1961ean zoruko oholen ordez terrazoa ipini eben, egurra ustelduta egoan-eta. Era berean, une ha aprobetxau eben eleizea, hiru altarak y korua margotzeko. 129.605,12 pezetako kostua euki eben lanek, y ha ordaintzen lagundu eban, Gotzaindegiak y Zeanuriko udalerriak ez eze, Jesús de Rotaechek be, ermitatik hurbil dagoan Zubiate finkearen ugazabeak, 2.000 pezeta ipiniz3AHEB-BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokia, Zeanuri, Askotariko Paperak, 1936, sign. 1775/000-00; ACOB-KBGA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon San Isidro ermitea konpontzeko lanen espedientea, 1961. Signatura: D2-0142/020; AHEB-BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokia, Zeanuri, Askotariko Paperak, 1961, sign. 1774/000-00..

Azken barrikuntzea 1992an egin zan: estalgia konpondu y barruko y kanpoko paretak zarpiau y margotu ziran, baita zorua zaharbarritu (leundu y distirea emon) y instalazino elektrikoa barritu be. 32.691.800 pezetako kostua euki eban barrikuntza harek, guztira4ACOB-KBGA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon eta Zeanuriko plazean kokatutako San Isidro ermitea konpontzeko lanen espedientea, 1992-1994. Signaturea: D2-0143/012. .

San Isidro ermitea xumea da, seguruenik arineketan eregi ebelako hasieran. Ez dauka nabarmentzeko moduko xehetasun formalik, y ezaugarri aipagarrienak tamainu handia y neurriz kanpoko luzera dira.

ALTZARIAK

Tenplu honetako altzariak bat datoz bera eregi zan uneagaz. Hori dala-ta, obretako batzuk eraikuntza-lanak amaitu ostean eskuratuko ziran, XIX. mendearen azken laurdenean eta XX. mendearen hasieran.

Erretaulak

 

San Isidroren erretaula [22]. Egur urreztatua. Altzari oso sinplea: gorputz bat eta atiko bat ditu, lur-kolore biko marmol itxurako aurrekalde zuzeneko mahai baten gainean. Nitxo nagusia erdi-puntukoa da, eta bazter-zokoak eta markoa hosto mamitsuen eta beste landara batzuen irudiak daukiezan xaflakaz apainduta dagoz. Alboetan, kapitel jonikoak daukiezan zutabe bihurrikatuak ditu (forma helikoidaleko fuste ildaskatuakaz), eta, bigarren mailan, pilastra ildaskatuak. Eta, gorputz horri buru emonez, landare-apaindurakaz eta ispilu obalau etxun bategaz osotutako txartel bat dago. Jarraian, taulamendu hautsi bat, haginakaz apaindua, eta frontoi bat, bolutek ebagia. Atikoko etxea dinteldua da, eta haginakaz apaindutako frontoi triangeluar batek burutzen dau; xingola, fruitu eta hosto zintzilikariz apainduta ditu alboak. Altzariaren beheko y erdiko aldean sagrarioa dago, altzari nagusiaren eskema beraren araberakoa: erdi-puntuko atea dauka; zutabeak alboetan, fuste ildaskatuakaz; eta, erremate lez, frontoia eta kurutzetxua. Erretaularen titularra San Isidroren tailu lerden bat da [23] (154 x 46 x 42, idulkia), santua nekazariz jantzita dago, hala zan-eta (praka motzak; jaka labur botoiduna, garrikoagaz lotua; bota altuak…), eta esku baten dauka behiak gobernetako erabilten zan akuilu tradizionala. Bestetik, atikoan Ama Birjina iruten irudikatzen dauen soin erdiko pintura bat dago [24]: Ama Birjina gaztetan ageri da, ez ume modura, gai ikonografiko horretan ohikoa danaz bestela. Orokorrean, altzari egokia da, hobea egitureari jagokonez irudiei jagokenez baino. Konposizino neoklasikoa da, orokorrean. Halanda be, badauka tradizino barrokoko elementurik (txartela, landarak), eta, gerora, gehigarri batzuk atxiki jakoz beheko aldean (mahaia, sagrarioaren maila eta zutabeen harroinak).

San Antonio Paduakoaren erretaula [25]. Egur polikromaua. Nitxo bakarreko altzaria, gorputz batez eta atikoaz osotua, gitxi urteten dauen mahai zuzen baten gainean altzaua. Erdian erdi-puntuko etxe bat dauka, aurrealde ildaskatuko pilastrek markoztatua; uztaian, erramu apaingarri bat, ze letra kontrajarriek apaltasunagaz errematauta. Alboetan beste pilastra bana –atzeratuagoak–, oxkarrez eta landarezko girlandez apainduak, suontzi modura jarritako txarro apaingarriek burututa. Gorputz nagusiaren erremate modura, apaingarri obalen ilara bat dago, eta, gainean, frontoi ebagi bat, bolumen arkitektoniko nabarmenekoa. Frontoiak idulki moldurau bat dauka, ahurra eta erdian ganbila, gaur egun hutsik. Moltsoa orlegiz polikromauta dago, marmola imitatuz, eta zehetasun argiago batzuk ditu, urre-kolorez margotuak, edo okrez, marmola imitauz. Bikaintasun bisuala bilatzen dau pieza honek, material garestiak erabili barik. San Antonio Paduakoa Umeagaz agertzen dauen irudia gordetzen dau [26] (154 x 46 x 42, idulkia). Umea liburu baten gainean zutunik dago, santuarengana mobiduko balitz lez eta hari begira, konplizidade-keinu nabarmen bategaz. Tailu lerdenak dira, bizitasun handiagokoa umearena eta erritmo bareagokoa helduarena, oihalek aditzera emoten dabenez. Keinu barea eta proportzino harmonikoak daukiez. Altzariaren egitura bera eta haren apaingarrien zehetasunak kontuan hartuta, neoklasizismo beteko kanonei jarraitzen deutsela esan leiteke. Tailua altzariaren garai berberekoa da.

Sortzez Garbiaren erretaula [27]. Egur polikromaua. Aurreko erretaularen bardina da, bai egituraz bai polikromiaz. Erretaula honen desbardintasun bakarra da sagrario xume bat daukala, erabilgarria baina balio artistikorik bakoa. Horma-hobian Sortzez Garbiaren tailu bat dago [28] (174 x 43 x 3, idulkia), kerubinen gainean. Ardatz bertikal nabarmena dauka, eta bertikaltasun hori areagotzen dabe irudiaren jarrera tenteak eta itxura luzexkak, contraposto leun batez irudikatuta, zurruntasuna saihesteko. Eskuak bularrean daukaz apaltasun-keinua eginez, eta gora begira dago, kontenplazinozko jarreran, arpegi sor eta bareaz. Argitasun formala eta dotorezia nagusitzen dira erritmo bizien gainetik; zehetasunik dinamikoena mantua da. Polikromia bat dator ikonografiagaz: zuriz eta urdinez margotuta dago y urre-koloreko estofau batzuk daukaz. Mantuaren mobimentuak Barrokoaren zelanbaiteko kutsua emoten badau be, obra neoklasikoa da itxuraz, erretaularen garai berekoa.

Eskulturea

 

Kristo kurutziltzatua (kapila) [29] (134 x 111,5). Egur polikromaua. Kristo kurutzean erakusten dauen tailua. Kristoren irudiak gihar ondo zehaztuak baina lasaiak ditu. Jausita dauka burua eta erdi itxita begiak, ahoa lez, naturalismoa bilatuz. Eta besoetan tentsino apur bat igarten da, gorputza amore emonda, eta hankak tolestuta eta kurutzatuta. Toles leunak daukazan perizoma labur bategaz jantzita dago; modelaua leuna da, eta koroan eta ulean be igarten da. Ezaugarri horreek kontuan hartuta, XVI. mendea ondo aurreratuta egoala egindako obrea dala esan leiteke, erromanismokoa. Bestetik, Kristo untzetuta dagoan ohola barria da, eta bat dator bertako tailugintzearen tradizinoagaz.

Kristo kurutziltzatua [30]. Egurra bere kolorean. Anatomia estilizauko tailua, sabelaldea eta garria markauta, eredu naturalisteari jarraituz eta dramatismo barik. Kristoren arpegiak neurritasuna eta emozino eutsia adierazoten dauz. Gorputzaren biloztasuna albo baten lotutako oihal leunezko perizomeagaz estalduta dago, gehiegikeria barik. Zuzentasunez egindako obrea, garaikidea, Barrokoaren ereduei jarraituz egindakoa. XX. mendekoa.

Metalezko gauzak

 

Krisma-ontziak [31] (6,5 x ø4 x ø4; 11 x 10 x ø4,5). Zidarra bere kolorean. Olio Santuak (Gaixoen olioa, Katekumenoen olioa eta Krisma Santua) gordeteko hiru ontziko jokoa. Profil sabelduko ontzi txikien tankerea daukie. Batek estalgi lau eraisgarria dauka; beste biak, barriz, sabeletik alkarri lotuta dagoz, lepo ahurra daukie, eta estalgi handia, uztaiakaz burutua. Litekena da solte ageri dan piezea aparte egindakoa izatea, moltsoa osotzeko. Eredu klasizistei jarraitzen deutsie, baina XIX. mendekoak izango dira.

Prozesino-kurutzeko Kristo kurtzifikaua [32] (46 x 59,5). Metala, zidarreztatua eta urreztatua. Kristo kurutzean ageri da, anatomia estilizau baina gihartsuagaz irudikatuta. Gorputza zidar-kolorekoa da, y ulerako, oinetarako y garbitasun-oihalerako bakarrik erabili da urre-kolorea. Italiar tankerako ereduak gogorarazoten dauz, baina XIX. mendeko edo beharbada XX. mendeko obrea ei da. Kristo untzetuta dagoan kurutzeak ebakidura biribila dauka eta enborraren testurea imitetan dau. INRI idazkuna dauka, uhal-itxurako kartela baten. Guztia metal torneauzko barra baten gainean kokatuta dago, eta ebagiak ditu xafla, lingote, botoi eta abarretarako.

Interes etnografikoko elementuak

 

Belaunaulkia [33] (88 x 46 x 39). Egurra bere kolorean, eta lezkea. Oso soila da, ezelako ezaugarri artistiko barik, egurrezko kurutze sinple bat izan ezik, aurrekaldean. XX. mendekoa.

MRV - RCL - JMGC

María Romano Vallejo- Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín

1. AHEB-BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokia, Zeanuri, Kontu-liburua, 1862-1927, sign. 7837/002-00.
2. BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazioa, Gobernua eta Eleiz-gaiak, 1885, sign. AJ01391/017. 1884-1885 urteak.
3. AHEB-BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokia, Zeanuri, Askotariko Paperak, 1936, sign. 1775/000-00; ACOB-KBGA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon San Isidro ermitea konpontzeko lanen espedientea, 1961. Signatura: D2-0142/020; AHEB-BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokia, Zeanuri, Askotariko Paperak, 1961, sign. 1774/000-00.
4. ACOB-KBGA, Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon eta Zeanuriko plazean kokatutako San Isidro ermitea konpontzeko lanen espedientea, 1992-1994. Signaturea: D2-0143/012.