SAN MARTIN GOTZAINAREN ELEIZA
Nerbioi Garaia
Arrankudiaga
Zollo auzoa – Elexalde
Laburpena (PDF)
Elexalde plaza z.g. (48499)
p.sanmartin.zollo@bizkeliza.org
XVI. mendean eleizate autonomo bihurtzen ahalegindu ziran “22 herrixketako” bat da Zollo. Ez eban lortu, eta Arrankudiagako jurisdikzinoaren barruan geratu zan1ITURRIZA y ZABALA, 1. lib., 387-388. or..
ERAIKINA [1]
Eleizea nabe bakarreko oinplanokoa da [2], eta estalkiko zertxek lau zatitan banatzen dabe, alboetako hormetan horreei eusten deutsien zutoinek hiru segmentu baino ez markau arren; burualde bat gehitu jako, zabalera berekoa [3] [4].
Planoa honako honeek osotzen dabe: presbiterioari atxikitako sakristiak, hegoaldeko torreak eta eleizpeak. Eleizpeak torrea dauka hegoaldetik, eta sartaldetik luzatzen da; behinola iparraldetik hedatzen zan [5].
Malda handi baten gainean kokatuta dagoanez, tenpluak oinarri nibelatzaile indartsu bat behar izan dau. Hego-sortaldean harmaila bat dago, goiko aldera heltzeko.
Harlangatx irregularrez eginda dago, eta eskantzuak eta baoetako azpadurak harlanduzkoak dira. Garai baten zarpiatuta egon zan osorik [6], baina, gaur egun, 1999. eta 2000. urteetako barritze-lanen ostean, barrualdea eta kanpoaldea [7] agerian dagoz.
Iparraldeko horman lau angeluko horma-hobi bi [8] dagoz, ertzak beheratuta, ateak egokitzeko. Bata burualdearen parean dago, eta bestea koruaren azpian.
Zoladurea egurrezkoa da. Burualdean harmaila bi daukaz.
Estalkiaren euskarria hormak eurak eta horreetan sartutako hiru zutoin pare dira. Pilastra horreek [9] zenbait hozka eta zulo daukiez, jabaloietarako eta bestelako bermakuntza-piezetarako, baina gaur egun ez daukie erabilgarritasunik (horma-hobi bat barne, altuera harrigarrian kokatutako atetila baterako edo). Horrek adierazoten dau egiturea aldatu egin dala denporan zehar, eta hainbat erabilera eukezan piezak berrerabili dirala. Horreetako baten –hegoaldeko lehenengoan–, geroago koruan ikusiko doguzanakaz erlazionau leitekezan tailla galduek [10] emoten deutsie errematea mentsuleari. Alde bereko bigarrenak be mentsula landua dauka, sinpleagoa.
Gainean, estalkia [11] musturretan lau isurkiko estalkiak daukazan goihabe-egitura bat da; perimetro osoa zehartzen daben habe etxunetan zurkaizten da, eta lau zertxak sendotzen dabe. Horreetako hiru deskribidutako zutoinen gainean dagoz; laugarrena, barriz, zuzenean hormetan sartzen diran mentsula lauen gainean. Angeluetan, enbor batzuk habe etxunak tenkatzen dabez.
Egiturearen pieza batzuek zuloak daukiez, eta ez datoz bat gaur egungo erabilereagaz, aldaketen erakusgarri dira-ta, lehen esan dogun moduan.
Kanpoaldean, teilatua [12], lau isurialdekoa, goihabe jarraituagaz.
Argia hiru leihoren bidez banatzen da. Kokapen bardina daukie, teilatuaren mailatik hurbil, baita molduraua be, konkabo-konbexua, bai barrualdean, bai kanpoaldean [13]. Hegoaldean bi dagoz, erdi-puntukoak, eta beste bat oinaldean beheratuta [14] –gaur egun kanpoaldetik itsututa–.
Seguruenik, leiho honeek, batzuk behintzat, aurreko beste batzuen ondorengo izan leikez, baina gaur egun dagozan lez, 1904an tenpluan egin ziran eta aurrerago aitatuko doguzan barriztatze-lanen emaitza emoten dabe.
Beste leiho txiki bat dago, dintelaua, oinaldean hori be, orain dala gitxi egina.
Eleizeak sarbide bi daukaz, biak tipologia berekoak, errenazentistak, ertz biziko erdi-puntuko arkuak daukiezanak, oinaldekoa zazpi dobelakoa [15], eta hegoaldekoa, estuagoa, bostekoa [16]. Biek kanoi eskartzanoak daukiez, laprandureagaz, baita urbedeinkatu-ontziak be, oso higatua sartaldekoa, eta bestea [17] hemiesferikoa, arraba-frisoz, perlaz eta abarrez apaindua.
Koruak [18] eleizearen atzeko zatia hartzen dau. Egurrezko mentsula batzuek laguntzen dabe floroiakaz eta habe-buruakaz apaindutako habe frontal bikotxari eusteko. Habe horrek, era berean, klaustro-eskilaran be dagozan erdi-puntuko arkuz osotutako balaustrada bati eusten deutso. Obra eklektikoa da, 1904koa, baina aurreko koru batekoak diran aitatutako habe-buruak berraprobetxau ditu [19], XVI. mendeko arotzeria popularraren lan bereizgarriakaz: mailakatzeak, maklak, motibo geometrikoak eta abstraktuak…
Sakristia bat egon zan iparraldean, orain desagertua, eta bertara ailegetako pasabide bat egoan [20], gaur egun lehenengo tartetik hormatua. Gaur egungoak [21] burualdearen atzetik luzatzen dau eleizearen luzetarako dimentsinoa, baina apur bat estuagoa da (XX. mendearen amaieran, zabaldu egiten dauen zati bat gehitu jakon). Interes berezirik bako gelea da, solairu bikoa: sabai aizuneko estalkia dauka, eta goian zurezko eskilara bat daukan kamara bat, zeina eleizako teilatuaren mailara heltzen dan. Sortaldeko leiho dintelauetatik sartzen da argia, eta eleizatik dauka sarbidea erretaula bien artean edegitako ate dintelauaren bidez –beste sarrera simetriko bat balitz lez–.
Torrea [22] eleizeari atxikita dago hegoaldean, oinaldeko hormaren lerroan. Oinplano errektangularrekoa da, eta erlatx modura errepiketan dan plakazko inposteagaz banatutako hiru multzotan dago egituratuta. Hegoaldeko aldapa malkartsurantz, hormea loditu egiten da, eta horma-bular baxu bi dagoz, ezpondan errematauta. Beheko maileak eleizperako bide-zorra dauka [23], erdi-puntuko arku sendo biren bidez, nahi-ta, ohikoa danez, eleizarako sarbiderik ez euki. Erdiko moltsoan leiho dintelau txiker bat dago –erdi-puntukoa barrualdera–. Goikoak, kanpantorreak, erdi-puntuko hiru bao daukaz –laugarren bat falta da iparraldean–, plakazko inposta barrien gainean. Lau isurkiko teilatua dauka, kurutze haize-orratz garaikidea barruan dala.
Korutik sartzen da torrera, arku beheratuko atetik [24].
Eleizpeak eleizearen perimetro osoa inguratzen eban, burualdea izan ezik, baina 1999. eta 2000. urteetan egindako barriztatze baten iparraldeko aldea kendu zan.
Teilape bat da, eta harburutan zurkaiztuta dago horman. Kanpoaldean, hormatxoak banku luzea dauka, eta gainean zutoinak. Iparraldean mentsulak baino ez dira geratzen.
Atari-aterpe honek errekarrizko enkatxoa dauka oraindokarren, oinarrizko marrazki geometrikoak eta lau edo zortzi erradioko zirkunferentziak osotuz. Oinaldeko atearen aurrean, zoruan, 1904 irakurri daiteke [25], hain zuzen be, aitatu dogunez, tenpluan egin zan barriztatze handiaren urtea.
Zolloko San Martingoa 1518an sortutako parrokia bat da. Ordura arte, Arrankudiagako Andra Mariaren jurisdikzinoaren mende egon zan lurralde hori. Parrokiaren indibidualizazinoaren aurka agertu zan Martin Ruiz de Abendaño patroia, nahi-ta, auziaren ostean, erabagi zan hak parrokia-barrutiaren hamarrenak kobretan eta abadea izentetan jarraitzea –hau da, de facto patronazgoari eustea2Ibid.-.
Handik gitxira, komunidadeak tenplua barritzeari ekin eutsan. 1540-1550eko hamarkadakoa da, sarbideak eta koruko habe-buruak kontuan hartu ezkero3SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, passim.. Emoitza eleiza xume bat izan zan, asmo handirik bakoa, baina duina.
Ez dago dokumentazinorik, ez garai honi dagokionez, ezta tenpluari kanpotik zein barrutik 1900. urte inguruan egin jakon erabarritze osoari dagokionez be – besteak beste, sakristia egin zanean, leihoak jarri edo handitu egin ziran, korua berregin, eleizpean enkatxoa ipini eta altzariak barritu– ezta torrearen obreari buruz be, zeina XVII. mende erdi-amaierako tipologiakoa dan, nahi-ta, beraren izaera herrikoi eta pragmatikoa ikusita, leitekena dan apur bat beranduagokoa izatea, XVIII. mendekoa.
Eraikina 1999. eta 2000. urteetan birgaitu zan.
1. ITURRIZA y ZABALA, 1. lib., 387-388. or.
ITURRIZA y ZABALA, Juan Ramón de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herreroren Arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), lib. 2.
2. Ibid.
3. SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, passim.
SANTANA EZKERRA, Alberto, eta BARRIO LOZA, José Ángel. “Deskribapenen Katalogoa / Catálogo descriptivo”. En SANTANA, Alberto (coord.). Ars lignea. Zurezko elizak Euskal Herrian / Las iglesias de madera en el País Vasco. Madrid: Electa / Arabako Foru Aldundia – Bizkaiko Foru Aldundia – Gipuzkoako Foru Aldundia / Diputación Foral de Álava – Diputación Foral de Bizkaia – Diputación Foral de Gipuzkoa, 1996, 217.-249. or.
ALTZARIAK
Erretaulak
Eleizearen burualdean bat datozen hiru erretaula dagoz. Egurrezkoak dira hirurak, horren kolorekoak, eta ebanisteria eklektiko zuzena daukie. Forma barrokoak dira nagusi, baina xehetasun plateresko eta neoklasikoakaz konbinauta dagoz. Moltso interesgarria osotzen dabe sakristiako ateakaz, anboiagaz, aitorlekuagaz eta koruagaz. Horreek guztiak 1904an Bilboko edo Gasteizko tailerretik ateratakoak dira.
Erretaula nagusia[26] zokalokoa da, banku garaikoa, gorputz batekoa, dana hiru kalekoa, eta goian atikoa dauka. Zokaloa eta bankua landare-dekorazinoz betetako paneletarako dira. Ardatzean, behean, sagrarioa, kalizaz apaindutako erdi-puntuko ateagaz, eta, gainean, zutabe konposatuen arteko erakusleku birakaria.
Zoruan, alboetako hegaltxu bolutadunakaz, hiru etxe dagoz, koloma ildaskatuen bidez banatuta, eta beheko herena lauagaz, horma-atal esekietarako. Erdiko horma-hobia baino ez dago moldurauta, erdi-puntu bat pilastra beheratuen artean, eta arraba- eta landare-uztaia eta erdiko zapata ditu.
Atikoak erdi-puntua be badauka koloma ildaskatuen artean, hegal bolutadunak eta pinakuluak alboetan eta errematea frontoi oker apurtuan.
Erretaulan egurrezko eskulturak dagoz, eskaiolaz egindako serieko beste batzukaz nahastuta. Titularra, San Martin [27], zutunik eta bedeinkatzen, izaera eklektikoko tailla ona da. Frontoiko Betiereko Aita [28] interesgarriagoa da, Errenazimentuko erretaula zaharren batetik berraprobetxautako obra manierista da-ta. Torso-irudi bat da, eta ohikoa dan lez, bedeinkatzen eta munduari eusten dabil.
Moltsoa osotzen dabe Olot motako Jesusen Bihotz Sagradu errepikakorrak, Berriotxoako San Balentinek eta atikoan Kristo Kurutziltzatuak, guztiak be interes berezirik bako pieza garaikideak.
San Joseren erretaula [29] aurrekoaren bersino sinplifikaua da, kale bakarrekoa. Hemen, irudiak titularra, San Jose, eta, atikoan, Arrosarioko Ama Birjina dira, biak altzariaren garaikideak.
Eta, beste aldean, San Antonen erretaula bera [30]. Behean, San Antonio Abadearen irudia dago, eta, goian, Paduako San Antonio, erretaularen garaiko pieza eklektikoak.
Metalezko piezak
Andra Mariaren kanpaia [31] (85 x ø102). Brontzea. Erromatarra. Inskripzino hau dauka: SANTA MARIA ORA PRO NOBIS ANTONIO DE LA HOIA ME HIZO ANO DE 1831. Urte horretan, tenpluko kanpai nagusi biak urtu ziran, eta ordainketek 1836ra arte iraun eben. Kanpaia Antonio de La Hoyak izenpetu eban arren, dokumentu batzutan Nicolás de La Hoya aitatzen da. Arnuerokoak (Kantabria) ziran biak, baina lan hori Basaurin egin zan4AHEB-BEHA, Arrankudiagako San Martin Gotzaina parrokia, Kontuak, inbentarioak eta bisitak 1767-1907, sign. 0002/004-00.. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 44-45. or..
Kanpaia [32] (36 x ø51). Brontzea. Dunba itxurakoa. Kanpaigile-zigilua ezin da irakurri, baina bai uria: Bilbo. Inskripzino hau dauka: …ANO 1881…5BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 44-45. or..
Apaingarriak
Soingainekoa [33] eta kasullea [34], manipulua, korporalen estalkia eta kaliza-estalkia barne. Ehun landua, anezka txikia erabiliz egindako bilbe ildaskatukoa, bere dekorazino-programeagaitik ehun naturalisten barrukoa. Beteta dago lora-moltsoz, askotariko landareez, arrainez eta hostotzan ia ikusiezina dan idulkiren batez. Esfumatura kromatikoa erabiliz islatzen dira, degradazino-efektuen bitartez bolumena eta kontrastea bilatuz. Barrokoa, XVIII. mendearen erdialdekoa.
Kasullea [35]. Oso higatuta dagozan seda urdinezko zati batzuez eta anezka txikia erabiliz egindako bilbean landutako piezak daukazan erdiko zerrenda batez osotutako apaindurea. Zati horrek oinarri berdea dauka, eta lora-motibo handi samarrak daukaz han-hemenka tonu laranjetan, beilegietan eta urdinen baten. Barrokoa, XVIII. mendearen erdialdekoa, baina mende bat geroago oso birmoldatua.
Kasullea [36]. Damasko-ehunez egina, gorrimin-kolorekoa. Barrokoa, XVIII. edo XIX. mendearen amaierakoa.
Dalmatikea [37], lepoko bi, manipulua eta sorbaldarako jantzia barne. Diseinu bardineko ehunagaz egindako piezak dira, baina kolore bitan: beixa eta gorrimina. Landare-motibo finez betetako oihal landua da, batez be lora-moltsoen bidez. Moltso horreek losange-orletan kokatuta dagoz, eta pitxerrak eta zeak daukiez inguruan, hondino rokokoa dan estiloan, baina leitekena da XIX. mende hasierakoak izatea.
Beste elementu batzuk
Bateoarria [38]. Jaspe harria (Ereñoko marmol gorria). Itxura estilizaua dauka, eta txikiagotzen doazen gorputz batzuen oinarri poligonal fazetauaren gainean dago. Ondoren, oin molduratua dago, baita fazetatua be, eta haren gainean kopa hemiesferikoa dago, ahoan loditua eta galloiz zehaztua. Eklektikoa, 1900 ingurukoa izango da.
Ur-txarroa [39]. Jaspe harria (Ereñoko marmol gorria). Urarentzako aurrealdeak eta konketak osotzen dabe. Oinarri galloiduna dauka, eta erlatx zabala daukan ahoa. Aurrealdea, ostera, lerro zorrotzagokoa da; frontoi triangeluar moldurau bategaz errematauta dago, eta oinarriaren alboetan, bolutak izango balira lez, ze bana dauka. Aurreko pieza lez, eklektikoa, 1900 ingurukoa.
Interes etnografikoko elementuak
Atabakea (limosna-platera) [40]. Egurra bere kolorean. Erretilu moduan, atal bi daukaz, desbardinak, erremate erdizirkularreko xafla bertikal batek bananduta. XX. mendekoa.
Belaunaulkiak [41]. Egurra bere kolorean eta lezkea. Eleizearen eta kamarearen artean banatutako belaunaulki batzuen txorta. Oinarria lezkakoa da, eta bizkarraldea barrote torneatuz osotuta dago; erdikoak kubo bat eta pospolinak ditu kurutze moduan. XX. mendekoa.
Errosarioko Ama Birjinaren zutoihala [42]. Seda gordina eta sedazko eta metalezko hariak. Erdian Errosarioko Ama Birjinaren irudia dauka, Umea besoetan eta hodeien gainean. Haren inguruan, palmadun orlea eta kanpotik landare-, lora- eta ze-motibo bordauak, goitik koroan errematauta. XX. mendekoa.
Eleiz Museoan gordetako elementuak
Kristo Kurutziltzatua [43] (33 x 23 x 5,5, kurutzeagaz 58,5 x 33,3). Marfila. Kurutzean iltzatutako Kristoren taillea. Kurutzea be marfilezkoa da. Anatomia lirainekoa, gorputza nahiko zuzen dauka, ha biratu eta burua altzetan dau, azken arnasea emoteko unea islatuz. Taillaketa-lana zaindua da, ule-txorta delikauetan, arantzazko koroian eta garbitasun-oihalean ikusi daitekean lez. Oihal hori soka bategaz lotuta dago, eta tolestura-txorta landu bat sortzen dau. Horreetako baten Lefebvre (Jean Baptiste Lefebvre) artisteak sinatu eban, zeina 1846. eta 1906. urteen artean jardunean egon zan, marfilaren lanketa artistikoan tradizino luzea euki eban Frantziako Dieppe urian.
Bateo-uraren pegarra [44] (19 x 14). Letoia. Eleizan bateo-ura gordetzeko erabili arren, elementu zibila da, kargu publikoen botazinoetarako sortutako hauteskunde-pegarra. Pieza sinplea da, apaindura bakoa. Madari formako profila, tapa kupuliformea eta erremate balaustraduna daukaz, eta helduleku sinple pare bat dauka gorputzean soldauta. Barrokoa, XVIII. mendekoa.
JMGC – RCL
4. AHEB-BEHA, Arrankudiagako San Martin Gotzaina parrokia, Kontuak, inbentarioak eta bisitak 1767-1907, sign. 0002/004-00.
BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 44-45. or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Sailak / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Inbentarioak bilduma / Colección Inventarios, 12. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/bilatu.asp?idioma=e
5. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 44-45. or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Sailak / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Inbentarioak bilduma / Colección Inventarios, 12. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/bilatu.asp?idioma=e