SAN PEDRO ERMITA
(Jasokundeko Andra Mariaren parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Zeanuri | Undurraga auzoa
Folletoa
Undurraga z.b., 48144
p.andramari.zeanuri@bizkeliza.org
Undurragako San Pedro ermitea ohi baino apur bat garatuagoa da. Izan be, Jasokundearen parrokiaren tenplu atxiki lez funtzionetan izan dau.
Orientazinoa be ezohikoa da: burualdea sartaldean dago. Horren errazoia, seguruenik, mendez mende eremuaren desnibelak sortaldean –ermitearen gaur egungo oinaldean– eragiten izan dauzan egiturazko arazoak dira; arazo horreek tarteko, momenturen baten, presbiterioaren kokapena aldatu egin zan.
Oinplanoa [3] estalgian bakarrik markautako lau ataleko nabea da. Lehenengoa askoz luzeagoa da, eta hein baten zabaldua, transeptu moduan kapila bi sortzeko. Burualde luzangea dauka, eraikinaren gainerako atalak baino gorago jasoa [4] [5]. Plano horri gehituta, sakristia dago, burualdea luzatzen dauena, eta gela trapezoidal bat, haren eta iparraldeko besoaren artean. Hegoaldean dagoan arkupe batek osotzen dau eraikina.
Aparailua harlangatx ertainekoa da, barrukaldean luziduaren azpian ezkutauta, eta kanpokaldean kare-morterozko geruzapean zati baten agerian [6]. Horma-bularretan harlangatx luzangea erabili eben, lauza eran [7]. Harlandua, ostera, oinaldeko eskantzuetan eta bao batzuen inguruan bakarrik dago.
Zorua egurrezko tronadurakoa da [8], burualdean gora igona, finkatuta dagoan lurraren desnibelera egokitzeko. Halanda ze, presbiteriora ailegetako, egurrezko mailadi bat dago, bost mailakoa, alboetan kurbaua, behekaldean sarbide nagusiaren eta zutabetxuen artean ahokatutako metopak daukazan egurrezko karel batek babestua.
Kanpokaldean, euskarriak hiru horma-bular dira [9] alde bakotxeko, erlatx ingurura zuzen igoten dabenak, eta, han, banakako teilatutxuakaz ezpondatu eta estalduten diranak. Oinaldean beste horma-bular bat atxiki da, aurrekoak baino sendoagoa, oinarri daukan malda handian eraikuntzea bermatzeko asmoagaz. Burualdean beste euskarri bi dagoz, ostikoak dirudienak baina berez kanpai-hormearen oinarria diranak [10].
Estalgia azpil erako sabaia da, kamonaua [11], hiru horma-atalekoa –burualdean bost dira–, eta oinaldean, koru gainean, sabai aizun batek ordezkatuta [12].
Azpil horren azpian, teilatuari eusten deutsien zertxen tiranteak ageri dira. Isuri biko teilatua da, eta oinaldean isurki triangeluarra dauka [13]. Teilatu-hegala hagaburu batzuetan bermatuta dago, eta, horreen artean, XVIII. mendeko tailu bereizgarri batzuk [14] ikusi daitekez. Teilatu horren gainean, iparraldeko horman, mantsarda batek urteten dau [15], eta bertan dago korua argiztatzeko baoa.
Kapiletan errepikatuta dagoz azpil-sistema hori eta isurialde biko teilatua. Logikoa danez, estalgi nagusiagazko zeharkakoak dirca.
Sarbidea [16] ebanjelio-aldean dago, haren bigarren zatian. Erdi-puntua da, ate-alboetan eta uztaian partzialki bozelaua. Izatez, arku errenazentistea da, ate-albo bakotxean harlandu pare bat gehituz handitua, eta jatorrizko sei dobelei giltzarri bat –ez oso ondo doitua– gehituz zabaldua.
Arkuaren ardatzaren gainean, esferaerdi-formako motiboa, landara- eta eguzki-erako erliebe-apaindurakaz (berrerabilitako ganga-giltzarria, beharbada) [17].
Baoaren eskuman, hareharrizko plaka bat, pospolinak daukiezan kurutze-erliebeakaz. Inguruan kiribila dauka, esbastika-frisoaren gaineko bolakaz, eta erdian motibo nahasgarri bat. Tailu herrikoiz egindakoa guztia [18]. XVII. mendeko piezea dirudi. Azpian, ur bedeinkaturako ontzi ia esferikoa, ezpain nabarmenduagaz, itxuraz antzeko kronologiakoa.
Barruan zirkuluerdiko horma-hobi bat dauka, kalbariorako, palma artean dagoan bihotz zeharkatuko erremateagaz, eta, haren azpian, ur bedeinkaturako ontzi zilindriko bat, landara-moldurakaz [19]. Aurrekoa baino modernoagoa dirudi, XVIII. mende amaierakoa edo XIX. mendekoa beharbada.
Leihoak bao zorrotzekoak dira, neogotikoak [20], ertza beheratuta eta laprandurako tunelagaz [21]. Burualdeagazko ebanjelio-aldean dagoz, besoan eta hirugarren eta laugarren atalean, azken hori altuagoa, mantsardearen babesean. Presbiteriotik urrunen dagozan biak barrukalderantz dintelduta dagoz [22]. Gainera, korurako igoeran bao dinteldu bat dago [23].
Oinaldeko atalean, korua dago [24] zeharraga baten gainean. Oinplano garaikidea, eta XVII. mendeko ereduen araberako balaustre torneauak daukaz [25]. Habean, karaktere irregularreko inskripzino hau irakurri leiteke: EL AÑO DE 1729 FA/BRICO ESTA ERMITA POR / MANOS DE BENTVRA DE / OZERIN MAISTRO CARPINTERO (1729an egin zan ermita hau, Bentura de Ozerin maisu arotzaren eskutik) [26].
Sarbidea eskilara sinple bat da, hego-sortaldeko angeluan [27].
Sakristia espazio luzanga bat da [28], burualdea luzatzeko gehitua. Bistako habedun sabai batek estalduta dago, eta lau leiho dinteldu daukaz. Absiderako pasabide bat egoan kanpai-hormearen oinarrian, eta hori izango zan, antxina, tenpluaren oinaldeko atea; gaur egun hormatuta dagoan arren, haren tunela izan zana ikusi daiteke, harlauzaz egindako eskartzanoa. Antza, kanpoko aldea galdu eban XIX. mendean, kanpai-hormea eregi zanean [29]. Gaur, ondo-ondoan dagoan gelaxka poligonalean hasten dan beste igarobide dinteldu bat da gela horretarako sarrerea.
Azken gela hori eleizearen burualdeagaz komunikauta dago, beste ate dinteldu baten bidez [30]. Sabai aizunagaz estalduta dago, eta leiho pare batetik sartzen da argia. Beste ate batek emoten dau aukerea zuzenean kanpora urteteko, abade-etxeko eleizpera.
Kanpai-hormeak hiru gorputz daukaz [31]. Behekoa pantaila bertikal leun bat da. Tartekoak kanpaietarako bao buru-zorrotz bi ditu. Hirugarrena triangeluarra da, eta ezaugarri bereko beste bao bat dauka, eta haren alboetan piramide-pinakuluak [32]. Kurutze-erako errematea dauka.
Kanpai-horma hau burualdean kokatuta dago, baina, esan dogun moduan, jatorrian gune hau tenpluaren oinaldea izango zan.
Hegoaldean, besoaren eta oinaldearen artean, egurrezko pilare batzuen gainean, teilapeko ataria [33], pilare batzuk zapataz horniduak, eta harlangatxezko hormatxua, sarrereari jagokon pasabide bategaz.
Undurragako San Pedroko sarrereak, aldatuta egon arren, adierazoten deusku XVI. mendeko bigarren laurdenean hemen baegoala tenplu bat. Eta, seguruenik, une hatakoak dirca nabearen perimetro-hormak.
Eraikin ha 1728an berreregi eben, Santa Ageda ermitearen kontu-liburutik ondorioztatzen danez. Izan be, han esaten da Undurragakoa hondatzeko arriskuan egoala, eta, horregaitik, 621 erreal eta erdi emon eutsazan maileguan, “kultua berregiteko”1AHEB-BEHA, Santiago Apostoluaren parrokia, Zeanuri, Muniketako Santa Ageda ermitako kontu-liburua, 1675-1976, 1788-002-00 signaturea. . Obrea bertako artista apal baino apalago batek egin eban, Ventura de Ocerin arotzak, eta bere esku-hartzearen barri emon eban, koruko habean idatzita.
Korua sortaldean jarteak pentsarazoten deusku, hain zuzen be, birmoldaketa ha tenpluaren orientazinoa alderantzikatzeko baliau zala. Aitatu dogunez, orain burualdea sartalderantz begira dago, eta alboko sarrerea, epistolearen aldean. Hori guztiz ezohikoa zan Errenazimentuko ermita baten. Seguruenik, ermitea leku ezegonkorrean –malda pike baten– egoteagaitik, absidea eremu seguruago batera eroatea erabagi zan, baita sortaldeko horman, jatorrizko burualdean, horma-bular sendo bat ipintea be.
XIX. mendearen azken herenean, 1888an, beste aldaketa bat egin zan parrokiaren laguntzaile-izaerara egokitzeko, “ez gaitasun ez prestutasun berezkorik ez eukalako”2BFAH-AHFB, Eleiz Gobernua eta Eleiz Gaiak, 1888, AJ01391/018 signaturea. . Baleiteke transeptua orduan eregi izana, eta eleizea sartalderantz luzatu izana, absidea tenpluaren maila orokorraren gainetik altzauz. Edozelan be, bai sakristia eta kanpai-hormea eta bai leihoak eraberritzea obra horretan egin ziren.
XX. mendetik XXI. mendera bitartean, esku-hartzeak egin dira estalgian, argietan eta koruan3Zeanuriko Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon Undurragako San Pedro ermitako hormak, altarak eta erretaulak garbitzeko obra-espedientea, 1981, D2-0142/032 signaturea.. Garrantzitsuena 2011-2012an egindakoa izan zan. Tenplua dagoan mendi-hegal arazotsuko lur-jausiek eremua egonkortzeko lan handia egitera behartu eben, eta, horren ostean, eraikina finkatzeko lanak egin ziran. Halan emon jakon gaur egun daukan itxurea4ACOB-KBGA, Zeanuriko Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon Undurragako San Pedro ermitea konpontzeko lanei buruzko espedientea, 2008-2009, D2-0143/007 signaturea; Undurragako ermitearen konponketa, 2012, D2-0677/001 signaturea..
San Pedro tenplu apala da, kalidade urriagaz burutua. Halanda be, gure ermiten artean ohikoa baino neurri handiagoa dauka, eta horrek aditzera emoten dau zelanbaiteko garrantzia eukien eleiztarrak artatzen ebazala. Horri esker, hain zuzen, parrokia atxikiaren funtzinoa lortu eban.
ALTZARIAK
Ermita honi buruzko informazinorik ez dago ia. Ez da libururik kontserbau, eta bertako altzariei buruzko erreferentzia urriak Santa Ageda ermitea egin zaneko liburuan eta parrokiarenean topau dirca. Azken horretan, Gerra Zibilean izandako kalteak aitatzen dirca.
Lehenengoagaitik dakigu 1722an 125 erreal ordaindu jakozala Juan Antonio de Larumbe maisu eskultoreari, “Huandurragako” San Pedro ermitearen obrarako, zer zan zehaztu barik5AHEB-BEHA, Santiago Apostoluaren parrokia, Zeanuri, Muniketako Santa Ageda ermitako kontu-liburua, 1675-1976, 1788-002-00 signaturea...
Gerra Zibilari jagokonez, idatziz jasota dago kaliza bi, sei argimutil, bost alba eta hiru mahai-zapi –eta euren zapigainekoak– desagertu zirala; eta, horrezaz gain, hau esaten da: “Jesusen Bihotz Sakratuaren irudia deseginda dago, eta San Pedro, San Jose, San Joan eta Arrosarioko Ama Birjinaren irudiak, itxurabakotuta”6AHEB/ BEHA, Andra Mariaren Jasokundeko parrokia, Zeanuri, Askotariko Paperak, 1774/007- 05 signaturea..
Halanda be, ermitan askotariko altzariak dagoz.
Erretaulak
San Pedroren erretaula [34]. Egur urreztatua eta polikromaua. Hiru kaletan banatutako gorputz bateko altzaria da, erdikoa alboetakoak baino garaiagoa. Erdiko etxea erdi-puntukoa da, titularraren tailurako, eta alboetarako mihise markoztatuak aukeratu ziran. Kapitel korintoarrakaz burututako fuste ildaskatuko pilastrek banatzen dabez kaleak. Alboko kaleen gainetik motibo batzuk doaz: lora eta hosto luzangak, ereinotza eta dentikulu-ilarea. Hostotzak inguratutako ispilu obal baten errematetan dirca, San Pedroren ikur dircan tiaragaz eta giltzakaz. Erdiko gorputza, barriz, lau amaitzen da, landara-zintaren bategaz, eta eguzkia gainean, izpi zuzenakaz. San Pedro Aita Santuaren irudia [35] da nagusi. Giltzak daukaz, baita langa hirukotxeko kurutzea be (Aita Santuaren kurutzea). Eta, gainera, pontifize-tiara dauka buruan. Tailua aurrerantz begira ageri da, hieratiko eta solemne, eta, horregaz batera, soseguko keinu serioagaz. Anatomia ezkutauta dago, arropa ugarien, tunika zuriaren eta kapa gorriaren azpian. Beranduko obra barrokoa izango da, XVIII. mendearen amaierakoa. Alboetan, mihiseak dagoz, San Anton [36] (161 x 65,5) eta San Paulo [37] (161 x 65,5) agertuz, bakotxaren berezko ezaugarriakaz. Eite estilizauko irudiak dirca, espresino gitxikoak, kolore ilun samarragaz egindakoak eta ez oso egikera trebekoak. Neoklasizismoaren osteko garairen batekoak. Erretaularen aurrean, tabernakulu handi bat dago [38] (297 x 432,5 x 73), oin karratukoa eta agerlekudun kristalezko kajea daukana, dana jaspetua. Haren egiturea osotzen dabe zutabe zuri konposaduko zenbait pilastrak, friso leunagaz eta dentikuluakaz egindako taulamenduak eta dentikulu gehiagoz etendako frontoi triangeluarrak. Beheko aldean, alde garbien eta alboko mailen artean, sagrarioa bera dago [39], kutxa urreztatukoa, Pazko Bildotsa atean, eta kiribildun frontoi kurbau bategaz burutua. Pieza interesgarria da, neoklasikoa, 1825 ingurukoa. Moltsoaren ondoan dago erretaularen egikera bereko mahaia [40] (99,5 x 259 x 73), kasetoiakaz, diamantezko puntakaz eta erdian idatzitako IHS idazkunagaz, postneoklasikoa.
San Jose eta Umearen erretaula [41]. Egur polikromaua. Erretaula nagusiaren egikera berekoa, erdi-puntuko horma-hobirako kale bakarragaz. Pilastra ildaskatuak ditu alboetan, ereinotz-zintakaz, ze letrakaz eta arrautzakaz apainduta. Eta, hori guztia, moldura erako frontoi triangeluar bategaz eta izpi-txorta txertatu bategaz errematauta. Gainean erroleoak eta oinarri bozelatua dagoz, hosto-gandorrerako. Erretaulan San Joseren eta Umearen irudia dago, egikera garaikideko artelana.
Errosarioko Ama Birjinaren erretaula [42]. Egur polikromaua. Aurreko altzariaren bardin-bardina, alde bakarragaz: oinarrian sagrario sinple bat sartu izana, aurrean kalizea eta Ostia dituen atetxu batek iragarrita. Altzari honen horma-hobian Errosarioko Ama Birjina Umeagaz tailua [43] (90,5 x 35 x 23), zutunik eta jarrera nasaian. Koroituta dago, eta tunika gorria eta mantu urdina ditu jantzita, tolestura zabal erregularrez. Haren arpegia eta Umearena barriro margotuta dagozala dirudi, eta pieza osoa XIX. mendean birpolikromau zala. Tailua lehenagokoa izango da, XVIII. mendekoa, herrikoia.
Eskulturea
Sortzez Garbia [44] (85 x 26 x 21,5). Egur polikromaua. Irudi lirain-liraina, ertz ugariko oihalakaz, herensugearen eta esfera erdiaren gainean ezarrita. Aurreranzko jarrerea dauka, mobimentu nabarmen barik, eskuak bular gainean dituala, bere barrura bilduta dagoala azalduz. Hondatuta dagoan arren, arpegi idealizaua igarten jako, aldarte eztikoa, eta adats izurtua, mobiduagoa, leuntasuna emoten dauena. Oihalek irmoak dirudie, tolestura zabal baina lehor samarrakaz. Konposizinoari jagokonez, gogora dakarz Alonso Canoren ereduak, interpretazino zurrunagoagaz eta sinplifikauagoagaz. XVIII. mendearen hasierakoa.
Sortzez Garbia [45] (66 x 35 x 15,5). Egur polikromaua. Janzteko tailua, besoetan artikulaua. Oso lanketa sinplekoa, buruan izan ezik. Hori, ikus daitekean zatia dan ezkero, apur bat landuagoa da. Oinarri txiker baten gainean dago, oraindokarren bere polikromiaren zati bat (gorria, baltza) eta haragi-kolorea daukan kerubin-buru bategaz. Arpegia obala da, maliziabakoa, begitarte idealizauakaz eta kristalezko begiakaz, eta espresino finko bizigabeari eutsiz. Adatsa gorputzari itsatsita dago. Arabere gehiago, atzeko aldean margotuz jarraitzea be aukeratu da. Janzteko pentsautako irudia danez, zelanbaiteko ahalegina egin da ageriko zatietan, eta gainerakoa zakar landuta dago. Beranduko barrokoko lana izango da, XVIII. mendearen amaierakoa.
Kristo kurtzifikaua [46] (42,5 x 9,5). Egur polikromaua. Kristo kurutzean agertzen dauen tailua, anatomia lirain-lirain eta gihartsukoa. Gorputz-enbor markaua dauka, saihetsak batez be, naturalismoa lortu guran. Sufrimentua eta tensinoa erakusten dauz keinuak, burua alde baterantz, ahoa erdi zabalik eta Jaun Gorenari begira. Hankak eta besoak argalak dirca, baina giharrak zehaztauta. Tolestura irregularreko perizomea dauka lotuta, naroa eta alboko begiztan mobidua. Egurrezko besodun kurutze baten untzetuta dago. Edozelan be, Kristoren irudi dramatikoaren menpe dago kurutzea. Barroko beteko tailua, XVIII. mendearen erdialdekoa.
Sagrario-hondarrak [47]. Egur polikromaua. Urre-koloreko eta tarteka marmoldutako egur-zati batzuk dirca. Egurra lerro nahasiko oinplano poligonalekoa da, eta zenbait kaletan banatua. Leitekena da harroina eta lehenengo gorputza izatea. Dekorazino ugari dauka hutsune eta soilguneetan: groteskoak, aingeru-buruak, maskarak, larru ebagiak, eta, horreetako baten erdian, putti bi, Arpegi Santuari eusten. Leitekena da sagrario monumental baten parte izatea. Estilo manieristako eta kalidade artistiko nabarmenagaz egindako antxinako erretaula baten egongo zan. XVI. mendearen erdialdekoa.
Metalezko gauzak
Zutargiak (2) [48] (61,5 x ø16). Letoia. Kanoi zilindriko luzeko zutargia da, hiru atalekoa, eta moldura bozelaua dauka segmentuen arteko loturan. Buruak bolumen bi ditu, bajuena ia erdiesferikoa, erramu-hostozko oinarriagaz. Goikoa nabarmenagoa da bozelean, eta ezponda txiki bat dauka erregailuaren plater zilindriko molduratua finkatzen dan tartean. Beranduko neoklasikoa, XIX. mendekoa.
Kanpaitxuak (2) [49] (10,5 x ø4,6 eta 11,5 x ø6,2). Brontzea. Ezkildun profila daukie, eta balaustre-siluetadun giderra. Moldura apal bat baino ez daukie oinarrian, eta txikerrenak sorbaldetan be bai. Pieza funtzionalak. XIX. mendekoak.
Argimutilak (2) [50] (9 x 5,5 x 6). Brontzea. Oin hexagonal baten gainean finkatuta dagoz, eta, ondoren, heldulekuak jarraipena emoten deutsan gorputz bulartu bat dago. Heldulekua balaustre-silueta ahur-ganbilean eratua da, arrautza-formako korapilo bategaz eta erregailu zilindriko bategaz. XIX. mendekoak.
Kanpaiak [51]. Brontzea. Ezkiladunak. Eskuzko trakzinokoak. XX. mendekoak.
Haize-orratza [52]. Burdina. Profil mobidua. Barrukalde hutsean erronboide-formako motiboak daukaz, eta besoak eseakaz eta zeakaz apainduta dagoz. XVIII-XIX. mendeetakoa.
Apaingarriak
Euritarako kapa [53] (135 x 90), dalmatikak (2) [54] (102,5 x 85), kaliza-estalgiak (2). Sedazko ehuna, gorrimin-koloreko palma-damaskoa, palmondo-hosto handi eta adarkatuz betea. XVIII. mendea ezkeroztik sano zabaldutako oihala, urre-koloreko galoiz erremataua. XVIII-XIX. mendeetakoak.
Dalmatikak (2) [55] (102,5 x 85). Palma-damaskoko sedazko apaingarria, berde-kolorekoa, lora eta hosto oparoko motiboakaz. XVIII-XIX. mendeetakoak.
Beste elementu batzuk
Bataiarria [56] (102 x ø60). Harria. Zain gitxiko kareharri baltzean zizelkatuta. Seguruenik, harria Markinako harrobietatik heldu zan. Lau angeluko sekzinoa daukan oinarri prismatiko moldurau baten finkatuta dago. Oinarri horrek balaustre erako fuste leun, mehetuari bide emoten deutso. Kopeak profil erdiesferikoa dauka oinarrian, estuagoa ahotik hurbil. Ahoa nabarmenagoa da, ertz lodikoa eta profil zuzenekoa. XIX. mendekoa.
Koruko barandea [57]. Egurra bere kolorean. Korua babestuz eta zeharraga baten gainean, XVII. mendeko ereduen araberako balaustre torneauakaz osotuta dago. Zeharragan inskripzino hau irakurri daiteke: EL AÑO DE 1729 FA/BRICO ESTA ERMITA POR / MANOS DE BENTVRA DE / OZERIN MAISTRO CARPINTERO. (1729an egin zan ermita hau, Bentura de Ozerin maisu arotzaren eskutik).
Kutxa altuko erlojua [58] (304,5 x 52 x 30,5). Egurra eta metala. Moré motako makinea, markarik bakoa, kutxa neoklasiko berantiar baten, urre-koloreko zehetasun batzukaz. Pilastra ildaskatuak daukaz, diamante-puntako panel laukizuzenakaz, frontoi triangeluarrakaz eta, errematean, pospolinakaz. XIX. mendearen bigarren laurdenekoa.
Beste elementu batzuk
Bataiarria [56] (102 x ø60). Harria. Zain gitxiko kareharri baltzean zizelkatuta. Seguruenik, harria Markinako harrobietatik heldu zan. Lau angeluko sekzinoa daukan oinarri prismatiko moldurau baten finkatuta dago. Oinarri horrek balaustre erako fuste leun, mehetuari bide emoten deutso. Kopeak profil erdiesferikoa dauka oinarrian, estuagoa ahotik hurbil. Ahoa nabarmenagoa da, ertz lodikoa eta profil zuzenekoa. XIX. mendekoa.
Koruko barandea [57]. Egurra bere kolorean. Korua babestuz eta zeharraga baten gainean, XVII. mendeko ereduen araberako balaustre torneauakaz osotuta dago. Zeharragan inskripzino hau irakurri daiteke: EL AÑO DE 1729 FA/BRICO ESTA ERMITA POR / MANOS DE BENTVRA DE / OZERIN MAISTRO CARPINTERO. (1729an egin zan ermita hau, Bentura de Ozerin maisu arotzaren eskutik).
Kutxa altuko erlojua [58] (304,5 x 52 x 30,5). Egurra eta metala. Moré motako makinea, markarik bakoa, kutxa neoklasiko berantiar baten, urre-koloreko zehetasun batzukaz. Pilastra ildaskatuak daukaz, diamante-puntako panel laukizuzenakaz, frontoi triangeluarrakaz eta, errematean, pospolinakaz. XIX. mendearen bigarren laurdenekoa.
Eleizbarrutiko gordailuan zaindutako elementuak (urregintzakoak)
Kalizea [59] (24 x ø15 x ø8). Zidarra bere kolorean eta gainurreztatua. Oin biribila dauka, nahiko laua, erlatx eran antolatua, gorputz mardula eta heldulekuari bide emoten deutsan beste plano bat, gitxi goratua. Lepo zilindriko moldurauko heldulekua da, eta erdian korapilo oboidea dauka, ekuatorean moldura bikotxagaz ebagia. Kopeak kanpai-forma apur bat dauka, baita kopa-azpia bereizteko moldurea be. Ez dauka puntzoirik. Pieza manieristea da, leuna, eta, beharbada, XVI. mendearen amaierakoa edo mende-aldaketaren garaikoa, 1600 ingurukoa7CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 264 or., 2. libk., 209 zk..
Eleiz Museoan gordetako elementuak
San Joan ebanjelistea [60] (36 x 14 x 9). Egur polikromaua. Kalbario baten parte izango zan irudi hau. Bertan, zutunik dago apostolu gaztea, gorputza eta begiradea eskumarantz zuzenduta, kurutzea egongo zan lekurantz. Tunika oparo bat dauka jantzita, sorbaldatik eskegita dagoan zeharkakako mantu bategaz. Jantziaren azpian eskumako hankearen bolumena igarten da, apur bat tolestuta. Esku bat bularrean dauka, eta horrek adierazkortasuna areagotzen dau. Besteagaz, barriz, bere ebanjelioaren liburuari eusten deutso. Bestetik, eskuak ez dirca jagoken neurri-neurrikoak, eta atzamar lodiak daukiez. Burua gorantz biratuta dago, Kristorengana, eta albora begira. Arpegia haragitsua da, hazbegi biribilekoa eta ule oparokoa. Horrek guztiak Errenazimentura garoaz, etapa erromanistara, XVI. mendearen azken herenera.
Doloretako Ama [61] (35,5 x 13,5 x 12,5). Egur polikromaua. Aurreko San Joanegaz bat egiten dauen tailua, Kalbario baten atala izango zana. Ama Birjina zutunik dago, hanka bat apur bat aurreratuta. Tolestura ugariko tunika zabal bategaz, belo lez erabilitako mantu bategaz eta arpegia inguratzeko buru-zapi bategaz estalduten dau bere burua. Eskuak desagertuta dituan arren, bularrean batuko ebazan, otoitz dramatikoko keinuan, eta arpegia, hazbegi irme baina gutxi zehaztauakaz, gorantz jasota. Errenazimentua, erromanismoa, XVI. mendearen azken herenekoa.
San Joan ebanjelistea [62] (39,5 x 16 x 10). Egur polikromaua. Santua zutunik dago irudian, Kalbario baten alboan, itxuraz. Tunika zabal berdea dauka jantzita, urre-koloreko mahukaburuakaz, eta horren azpian oin baten behatzak besterik ez agerian. Haren gainean mantu gorria dago, hanpatua eta tolestura loditukoa, ezkerreko sorbaldatik beherantz eta beste aldekoa aske itxita, mutur bat garrian jasota. Burua eskumarantz biratuta dauka, Kristo behatzeko. Arpegi zabala dauka, hazbegi irmekoa, ule kizkur lodiagaz, eta adierazkortasuna gitxigaz. Errenazimentua, erromanismoa, 1590 ingurukoa.
Doloretako Ama [63] (39 x 13 x 8). Aurreko San Joanegaz bat datorren tailua. Kalbario baten parte izango zan. Mariak buruzapi zuria daroa, tunika gorri zabala, urre-koloreko mahukaburuak eta belo lez erabilten dauen mantu urdin hanpatua, hein baten garriaren parean jasoa. Oihalen tolesturea lodia da, baina badauka zelanbaiteko zertasunik. Arpegia –neurri txikikoa– ezkerrerantz biratuta dauka, eta adierazkortasun gitxikoa da. Errenazimentua, erromanismoa, 1590 ingurukoa.
Identifikau bako santua [64] (68,5 x 16 x 14). Egur partzialki polikromaua. Zutunik dagoan santu baten tailua. Eskumako eskuagaz bedeinkapena emoten dau, eta ezkerrekoagaz liburu bati eusten deutso. Tunika bat dauka jantzita, eta, haren gainean, tolestura bertikaleko mantu kurutzatua zintzilik, ertza bihurrituta. Arpegia gaztea da, silueta obalaukoa. Begi handi urtenak ditu, eta ozta-ozta igarten jako irribarre bat. Uleak ez dau arpegia estalduten, eta apur bat izurtuta dago, oinarrian uhin bana nabarmenduta. Ermitan San Paulo izatea egozten izan jako, baina, egia esan, ez dauka haren ezaugarri bereizgarririk. Ezpatea, berbarako. Aitzitik, liburua eukiteak, bedeinkapena emoteko jarrereak eta hazbegi gazteek San Joan dala emoten dabe aditzera. Txarto konserbauta dago, baina polikromia-arrasto batzuek iraun egin dabe. Gotikoa, XIV. mendeko lehenengo herenekoa.
MRV - RCL - JMGC
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín
1. AHEB-BEHA, Santiago Apostoluaren parrokia, Zeanuri, Muniketako Santa Ageda ermitako kontu-liburua, 1675-1976, 1788-002-00 signaturea.
2. BFAH-AHFB, Eleiz Gobernua eta Eleiz Gaiak, 1888, AJ01391/018 signaturea.
3. eanuriko Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon Undurragako San Pedro ermitako hormak, altarak eta erretaulak garbitzeko obra-espedientea, 1981, D2-0142/032 signaturea.
4. COB-KBGA, Zeanuriko Jasokundeko Andra Mariaren parrokiari jagokon Undurragako San Pedro ermitea konpontzeko lanei buruzko espedientea, 2008-2009, D2-0143/007 signaturea; Undurragako ermitearen konponketa, 2012, D2-0677/001 signaturea.
5. AHEB-BEHA, Santiago Apostoluaren parrokia, Zeanuri, Muniketako Santa Ageda ermitako kontu-liburua, 1675-1976, 1788-002-00 signaturea.
6. AHEB/ BEHA, Andra Mariaren Jasokundeko parrokia, Zeanuri, Askotariko Paperak, 1774/007- 05 signaturea.
7. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 264 or., 2. libk., 209 zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 liburuki (Kultura Ondarearen Ikerketak bildumea, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/