SAN SEBASTIAN ERMITA

Nerbioi Garaia

\

Orozko | Egurrigartu auzoa

i

Laburpena (PDF)

Egurrigartu auzoa 6 (48419)

p.sanbartolome.orozko@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Gaur egun, Egurrigartu auzoko ermita handia San Sebastianen izenekoa izateagaitik baino ez da ezaguna, baina agirietan orokorrean partekatzen dau titularidadea San Fabianegaz. Bere jaia egun berean ospatzen da (urtarrilaren 20a), eta tenpluan bertan be badago bere irudia.

Oinplano [2] angeluzuzena dauka, bere habeartea hiru tartetan dago banatuta ezelako eginkizun bako urtenbide urriko euskarrien bidez, eta hiru hormataleko burualde oktogonala dauka [3] [4]. Eraikinak altueran oso garatuta dagoan bolumena dauka [5]. Hegoaldean, eraikin oktogonalak lau angeluko sakristia txiki-txikia dauka atxikita.

Hormak harlangaitzezkoak dira; sarbideetako zein kanpaiaren zuloko azpadurak eta eskantzuak, barriz, harlanduzkoak dira. Harginlana ugaritasunez dago zarpiauta kanpoko aldean. Barruko aldea, ostera, kolore desbardinetan margotuta dago gunearen arabera: burualdea, laranjaz; eta, gainerakoa, urdin argiz, oinaldea urdin ilunagoa bada be.

Zorua oraintsu egindako lauzadurea da. Burualdeko zolatea egurrezkoa da, eta, betiko moduan, habeartearen gainetikoa baino goragoxeago dago kokatuta.

Habeartea hiru tartetan banatuta dago hormetara atxikitako euskarrien [6] bidez: pilastrek urteera eskaseko plintoa daukie, altuera ertainean amaitzen dira eta ezeri be ez deutsie eusten. Emoten dau beste sasoi baten gangen sistemea egon zala bertan, edo, beste barik, plangintzea egin zala, baina gero inoiz be ez zala eregi.

Estalgia [7] egurrezkoa da habeartean, eta egiturea bistan da guztiz: goi-hageak zertxa biko indargarria dauka, eta, gitxi gorabehera, bat datoz lehen azaldutako zutabeakaz.

Bestetik, absideak ertz-gangea [8] dauka, eta bertako formeroak galloidun baso-mentsulatxuetan [9] dagoz zurkaiztuta.

Bertako garaipen-arkua goiko aldean kapiteltxu toskanarrak zein plaka ebagiak [10] apaingarri daukiezan zutabeetan dago oinarrituta, eta, horren ondorioz, gune hori tenpluaren gainetikotik banatuta dago.

Habearteko teilatua musturretan isurialdeak daukazan goi-hagadun egiturearen gainean dago kokatuta, gailur jarraitua dauka, eta, burualdean, alakara egokitzen diran hiru isurialdetan luzatzen da.

Oinaldean, tenplurako sarbide [11] nagusia dago. Ateburu monolitikodun zuloa da, eta, barruko aldean [12], barriz, ohikoa dan lez, zeozelako zokoa daukan eskartzano egiten da. Iparraldean, lehenengo tarterako beste sarrera bat [13] dago, eta aurrekoaren antzekoa da, baina txikiagoa. Ate horretan, ur bedeinkatuaren ontzi bakuna dago, zilindro zarpaila.

Argitasuna leihoburudun hiru baoren bidez [6] lortzen da, eta hegoaldeko fatxadearen goiko aldean dagoz kokatuta. Oinaldeko pinoian, laugarren baoa dago, kanpaia barruan daukan ziriharridun erdizirkularra da, eta argi gitxi emoten dau.

Azken tartean, korua [14] dago kokatuta; egurrezkoa da eta erronboide formako sekzinoko barrotedun karela dauka. Oso zaharbarrituta dagoan arren, zurabeak [15] bere horretan dirau eta itxurazko mentsulak daukaz bere musturretan. Mentsula horreek diamante-punta txikiak daukiez apaingarri, baita hexafoliadun larrosa-leihoetako lanketak be. Apaingarri horreek guztiak oso zabalduta egozan, eta, kronologia zehatza zein dan jakin ez arren, XVI. mende aurreratura garoez, seguruenik.

Korora igoteko, tarte biko egurrezko eskailerea dago hego-sortaldeko angeluan.

Sakristia leku txiki-txikia da, eta, presbiterioko hegoaldeko alakatik ailegauko gara bertara, ateburudun atean zehar. Bertako estalgia isurialde bakarrekoa da.

Oinaldean eleizpea egon zan arren, teilapeko zurabeari eusten eutsien lau hagaburutxu baino ez dira geratzen gaur egun.

 

Egurrigartuko San Sebastian ermitea landa-inguruneko gune erlijiosoaren adibidea da. Bertan, elementu landuak, absideko gangea, berbarako, nahastetan dira lerro arkitektoniko pragmatiko arrunt-arruntakaz. Bere altuerako bolumetriagaitik nabarmentzen da.

San Sebastian Kofradiaren sorrerea dala-ta agertzen da agirietan, 1615ean, nahi-ta bertan aurretiaz egon baegoala aitatu (izan be, irudi titularra XVI. mendearen hasierakoa da).

Gaur eguneko eraikina, barriz, osteko une bitakoa ei da. 1791n, oso egoera txarrean egoanez, Francisco Antonio de Arratia lan-maisuak behar besteko baldintzak ezarri ebazan, eraikin barria aurretiaz egoanaren alboan eregiteko. Lanak Bartolomé de Lejarzari eta Alejandro de Alcaíni esleitu jakezan, eta, 1794rako amaituta egon behar baziran be, luzatu egin ziran (neurri baten, dirurik ez egoalako, eta, horren ondorioz, eleiztarrek mailegua eskatu behar izan eben 1797an). Azkenean, Pedro de Aresmendi harginak gangan (burualdekoan, antza) jardun ostean, 1798ko urtarrilaren 11n1AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia - Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1616-1675, signaturea: 2997/003-00; San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, signaturea: 2998/004-00; Era bateko eta besteko agiriak, sign.: 3001/000-03. CONDE FUENTE, 1997, 245. or. bedeinkatu eben ermitea.

Ha-ta guzti be, ez dago argi gaur egun zer geratzen jakun eraikuntza haretatik, 1869an “ia-ia oso-osorik suntsitu zalako bunbadearen ondorioz (haizea) martiaren 21ean”2AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia - Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, sign.: 2998/004-00. Beharbada, orduantxe desagertu zan gaur egun habeartean ezelako eginkizunik ez daukien euskarrietan oinarritutako gangea.

1. AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia – Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1616-1675, signaturea: 2997/003-00; San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, signaturea: 2998/004-00; Era bateko eta besteko agiriak, sign.: 3001/000-03.

CONDE FUENTE, 1997, 245. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bildumea).

2. AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia – Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, sign.: 2998/004-00

ALTZARIAK

Erretaulak

 

Erretaula txikia [16] dauka. Egurrezkoa da, polikromiaren arrastoak daukaz (orokorrean, behin eta barriro margotuta dagoan arren) eta oinarri zein goialde bakarra dauka. Marko moduan, hosto mamintsuz osotutako moldurea dauka inguruan, eta gorputzeko alboko kaleak guneetarako altuera bitan zabaltzen dira beheko aldeko herena beteta daukien pilastra ildaskatuen artean. Erdiko guneak zutabe joniarrak daukaz albo banatan [17], ildaska berberak daroaz, plintoen gainean doa eta dado-formea dauka goiko aldean. Adierazotako euskarrien arabera hausitako taulamendu bakunak bidea emoten deutso frontoi triangeluarrean amaitzen dan goialdeari, eta bedeinkatzen dagoan Aita Betierekoa agertzen da bertan. Alboetan, Olartetarren armarriak dagoz. Bertan, bitxia bada be, armak, hau da, sustraitutako zugatzaren aurretik igaroten diran otso bi, modu simetrikoan landuta dagozanez, otsoak ezkerretara begira dagoz baten, behar dan moduan; eta, eskuinetara begira, bestean. Erretaulearen goiko aldean, zitori horien itxurea daukien besodun kurutzea dago; XVII. gizaldiko ereduen antza dauka. Beheko aldea, ostera, altarako mahai gainean dago kokatuta, ahoak zein apaingarri biribilak daukazan taula bakuna izango balitz lez, berdez nahiz zuriz dago margotuta, eta 1903an3AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia - Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, sign.: 2998/004-00. eregi zan.

Kalidade arrunteko erretaulea da, eta Olartetarren babespean egin zan. Euren armarria bertan agertzea da horren erakusgarri, hain zuzen be. 1615ean-edo eregi zan, kofradia sortu zanean. Bertako lehenengo kofradiakidea Lope García de Olarte izan zan (1609an, San Roke Kofradiaren sorrerako protagonistea be izan zan, hau da, Olarteko San Bartolome eleizako jurisdikzinoan kokatutako beste ermitakoa, bertako patronoa zan-eta). Halanda ze, egiturazko elementuak (pilastrak, zutabeak) eta apainketako elementuak (inguruko hostoak, armarriak) une horretakoak dira.

Era berean, lanketa batzuk be sasoi horretakoak dira, eta danak egur prolikromauzkoak dira, baina behin eta barriro dagoz margotuta: Aita Betierekoa [18], San Fabian [19], belauniko dagoan dohaintza-emoile bategaz agertzen dana (Lope García de Olarteren andrea ete?), San Antonio Abadea [20], San Frantzisko Asiskoa [21] eta, goialdean, San Joan eta San Mateo [22] ebanjelistak. Hortxe agertzean, pentsau geinke beharbada San Lukas eta San Markos be egongo zirala bertan, ohikoa izaten dan lez. Dan-danek antzeko ezaugarriak daukiez; esate baterako, anatomia mardulak, adierazkortasun neurtua, ugaldutako uleak eta artean be erromanismoaren oroigarri ziran jantzi astun baizen inguratzaileak. Euskarri daukiezan harroin batzuk “ce”-dun modiloien antzekoak dira, eta ebagitako narruen imitazinoa daroe. Erretaulan bertan, 1905ean4Ibid. erositako San Blas [23] garaikidea dago eurakaz.

Pieza garrantzitsuena, antxinakoena, titularra da, hau da, San Sebastian [24] (137 x 40 x 26). Izen hori oso zabalduta egoan gotikoaren amaieratik, baina, batez be, izurritearen aurkako babeslea zalako. Bere martirioko unean agertzen da, zugatz batera lotuta, eta geziz zaurituta dago eta bere arpegikunea bizibakoa da, minik edo aurpegierarik eukiko ez baleu lez. Beranduko gotikoko piezea da, 1520-1530ekoa, eta barriro polikromau eben 1793an5MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 122.-123., 294. or. AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia - Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, sign.: 2998/004-00..

Lanketa horreek guztiak era askotako errituetako protagonistak izan dira. Ospetsuena San Blas jaiarena zan. Orduan, 9 egunetan lepotik zintzilik eroaten ziran kordelak bedeinkatzen ziran, eta, gero, erre egiten ziran samako minak aldentzeko asmotan.

Apirilaren 25ean, San Markos egunean (inon agiri ez bada be, bere irudia egon ahal izan ei zan bertan, lehen aitatu dogun lez), erein beharreko artoa eta indabak bedeinkatzen eroaten ziran bertara6ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 499. or..

Metalezko piezak

 

Kanpaia [25]. Brontzea. Ezkiladuna. 1869an, konpontzen eroan behar izan eben Gasteizera, “bunbada atmosferiko” batek “txiki-txiki” eginda itxi ebalako. Gero, Esteban Echebásterrek konpondu eban7Ibid..

Iparraldeko atearen burdineria [26]. Landutako burdina. Burua kurutzean eta albo konkaboak dabezan untzeak, sarrailla-zuloa alboetako zutabe txikiez koskatuta eta lerro eta X itxurako kurutze ebakidun kisketa eta uztaiak. Guztiz hedatutako osagaiak, XVIII. gizaldiaren amaierakoak izango dira.

Interes etnografikoko elementuak

 

Andra Maria Doloreetakoaren edo Bakartadearen laminea [27]. Metricelli edo Erzulie Freda izenaz be bazan ezaguna, eta, batez be, Hispanoamerikan gurtzen dabe, maitetasunagaz edo diruagaz zerikusia daukien gaiakaitik erregutzeko, batez be.

Kanpaitxua [28]. Egurrezkoa eta metalezkoa. Herrikoia, XIX. edo XX. mendekoa.

JMGC – RCL – AAS – MRV

3. AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia – Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, sign.: 2998/004-00.

4. Ibid.

5. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 122.-123., 294. or.

MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.

AHEB-BEHA, Orozkoko San Bartolome parrokia – Olarte, San Sebastian ermitako eta kofradiako kontuak 1746-1957, sign.: 2998/004-00.

6. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 499. or.

ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia / Labayru Ikastegia, 1987, 3 liburuki.

7. Ibid.