SAN URBANO ERMITA (Urkia)
(Andra Mariaren Zeruratzea parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Zeanuri | Urkia auzoa
Folletoa
Urkia z.g., 48144
p.andramari.zeanuri@bizkeliza.org
San Urbano ermitak oinplano errektangularra dauka [2], burualde zuzen eta isurialde biko estalkiagaz. Barrualdeko eremu soila, bateratua da, nahiz eta estalkiaren parean zertxak zatiketa moduko bat markatu [3] [4].
Barrualdean luzituta dagoan horma-harrizko egitura dauka. Altara atzean hutsartea dago eta tutu-forma hartzen dauan lekuan harlandua imitatuko eukean polikromia gorriaren arrastoak ikusi daitekez [5], aurretik motibo horrez apainduta egongo ziralarik ermitako hormak. Altara-aldean, hegoaldeko horman zulatutako burudun horma-hobia dauka [6].
Kanpoaldetik, bistako hormarri irregularrez moldatuta dago, ertzetan, hutsarteen eta sarbidearen inguruko apainduran harlandu desbardinaz sendotuta dagoana [7]. Inguru batzuetan, batez be hegoaldeko horman [8], aldeak atzematen dira eraikinean, berreraikuntzak izan zirala agertuz, eta handitze barria goialdean, bloke handi eta laukituagoez baliatuz. Azken zaharbarritzean (1994) adreilua be erabili zan oinaldeko eleizpearen azpiko sarbidean.
Zoladura, harlauza irregularretakoa da, buru-horma altxatutagaz, liturgiaren eremua eta eleiztarrena bereizteko.
Estalkia isurialde bitara doa egurrezko egituraren gainean [9] bermatuta. Burualdearen gainean egurrezko errezela dago [10], alderantzikatutako azpil erara, teilatuaren egitura egurtsua ezkutatzen dauan zerua. Kanpoaldera, isurialde biko teilatua da [11].
Sarbidea tenpluaren oinaldean dago [12], eleizpeak babestuta. Egitura irekia da, kuruztoki erakoa, adreilu eta egurrezkoa eta arku zorrotzean amaitzen dan burdin sareaz babestutakoa. Oraintsuko (1994) esku-hartzearen emaitza da. Urbedeinkatu-ontzia dago eleizpeko hegoaldeko horman. Hareharrizkoa da, zakar landutakoa, esferaerdiko kikaragaz [13].
Argiztapen naturala aitatutako oinaldeko sarbidetik, barrualdean, hegoaldeko horman [14] [6], ia buru-hormaren parean urratuta dagoan laprandura handiko gezileihotik eta altararen atzean dagoan erdi-puntu baldarreko leiho txikitik [15] [16] sartzen dan argiaz lortzen da.
Kanpai-horma, oinaldean [17], zementuzkoa da, kanpaidun hutsarte bakarrekoa, isurialde biko teilatutxoagaz eta kurutzean amaituta.
Eleizpea dauka aurreko partera [18], horma-harriz itxitakoa, aurrealdean izan ezik, arku zabalean irekitzen da-eta. Alboetako hormetako arrastoek [7] [8] honen aurretik beste arkupe bat egon zala adierazo leikie, beharbada irekia edo horma baxuaren gainean bermatutakoa, kuruztoki itxura sendotuz. Holan bazan, uneren baten hormak itsutzeko eta oinaldean sarbide bakarra izteko erabakia hartu zan.
Honako hau, gaur egun, dobela-formako erdi-puntua da, kanpoaldera bozel finagaz apaindutako arku-uztaiagaz eta barrualdera listelatuta, janben bidez lurreraino hedatzen dana [19]. Diskoaren barruan kokatutako “patada kurutzeaz” apainduta dago giltzarria. Arku hau ertz askoko ateburudun portadaren lekuan jarri eben 1994an [20].
1938 inguruan euren tipologiaren arabera IX-XI gizaldi ingurukoak izan daitekezan harlauzazko hilobiak aurkitu ebezan Urkian 1ARREGI AZPEITIA, 1987a, 2. lib., 410. or. GARCÍA CAMINO, 2002a, p. 467.. Era berean, burualdeko leihoak eredu prerromanikoak dakarskuz gogora, baina diseinua hain da ohikoa non gerokoa be izan daiteken, baita XVI. gizaldikoa be.
Baina irudipen horreek kenduta, ezer gitxi dakigu tenpluaren biografiaz. Uneren baten kuruztoki bihurtu zan, seguruenik oinaldera eleizpa lez zabalduta; gero hau itxi egingo zan oinaldean sarbidea itziz.
1993-1994 inguruan izan zan azken esku-hartzea 2ACOB-KBGA, Expediente de obras sobre la reparación de la ermita de San Urbano sita en el barrio de Uribe perteneciente a la parroquia La Asunción de Nuestra Señora Zeanuri, 1993-1994, sig. D2-0143/013., sarrera aldatu eta oraingo arkua ipiniz eta barruko burdin langa aldatuz.
ALTZARIAK
Erretaulak
San Urbano eta San Jorgeren erretaula [21]. Egur polikromatua. Multzo bakarreko altzaria horma-hobi bikotxa dauan kale bakarragaz. Profil molduratuaz nabarmendutako aurrealde laua, eta honen erdian ereinotzezko koroa, pontifize-ikur diran tiara eta giltzakaz, daukazan mahaiaren gainean eraikita dago. Multzo nagusiak horma-hobi biki bikotxa dauka, erdi-puntuko arku banaz, eskultura bi babesteko. Harroin eta kapitel molduratudun zutabe ildaskatuen artean kokatuta dago maila hau. Goiko erlaitza leuna da, molduraren bat edo bestegaz, alboetan pospolinetan amaituta eta erdian triangelu-formako frontoi zatitua, kurutzea jartzeko idulki txikiagaz. Marmol itxura emondako berdea nagusitzen da polikromian, urre-koloreko ikutu batzukaz. Altzari neoklasikoa da, herrikoia. XIX. gizaldia.
San Urbano eta San Jorge dira gailentzen diran irudiak. San Urbano santu titularra [22] (90 x 33 x 23) egur polikromatuan egindako eskultura da, luzexka, aita santuaren erropakaz eta buruan dagokion tiara. Aita santuaren duintasunaren ikur dan kurutzadura hirukotxeko makilari oratzen deutso esku batez eta, bestean, liburua dauka. Dalako ezaugarri horreek San Pedrori dagokioz, eta berizteko San Urbano batzuetan mahatsakaz edo barrikagaz irudikatzen da, mahastizainen (eta mozkorren) zaindari lez. Honako ezaugarririk ezean, berau dala pentsatu geinke, ermita bere izenpeko da-eta. Alba zuria eta gainjantzi gorri eta urdina daukaz, urre-koloreko zertzeladakaz. Oihal honeek mobimentua irudikatu gura dabe, emaitza artifizial samarra bada be. Begitartea ez da bape bizi eta adierazkorra eta modelatua, soila. Barrokokoa izango da, XVIII. gizaldikoa, eta hedatua.
Bere ondoan dagoan beste santua, San Jorge da [23] (98 x 42 x 22). Anatomia fantastiko eta egikera zakar samarreko herensugea zapaltzen dauala eraikita dago. Santuaren irudiak jarrera dinamikoa agertzen dau, beroaldira iritsi barik, garaipen nasaia agertuz, eta malenkonia apur bat aurpegian. Jantziak eklektiko samarrak sindo, ez dago-eta ohiko erropa militarrez jantzita, barruko atorra, juboia, galtzak, belaunetakoak eta gaineko gona motza nahastatuz. Ez deutso herensugea zauritzeko baliagarri litzateken ezpata edo lantzari oratzen eta horren ordez kurutzea dauka. Ez dauka kasko edo kasketik be buruan, gizatiartutako kristau soldaduaren irudia, eta ez zaldun epikoarena, sendotuz. Bere jarreran mobimentu apur bat atzematen da eta honi gona motz harrotua, hanpatua baina zurrun samarra, gehitu behar jako. Kutsu klasizista badau be, XVIII. gizaldikoa izango da, hedatua.
Metalak
Kanpaia [24]. Brontzea. Ezkiladuna. Ez dugu haren inskripzioa irakurri, baina XIX. mendekoa dirudi.
MRV - RCL - JMGC
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín