SANTA ISABEL MONASTERIOA (AMA KLARATAR ISABELDARRAK)
Arratia
Areatza | Zubizarra auzoa
Folletoa
Zubizarra kalea 8 (48143)
p.sanbartolomedeuna.areatza@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Ama Klaratar Isabeldarren komentuko eleizea neurri ertaineko tenplua da. Solairu [2] bakarra dauka, holan banatuta: hiru tarteko nabe bat, horri gehitzen jakon burualde karratu bat, eta koruak eta Jauna hartzeko lekuak osotutako gune handi bat oinaldean. Azken hori, oso sakona eta oinplano trapezoidal irregularrekoa.
Barruko espazioa [3] [4] garbia eta gardena da, baina kanpoko bolumena nekez igarten da, eleizea komentuko gelen artean sartuta dago-ta. Izan be, tenpluaren beraren gainean etxebizitza bat dago.
Hormen aparailua apur bat laukitutako harlangatxez [5] eginda dago. Barrukaldea luziduta dago, egitura-elementuetan izan ezik, horreek harlanduagaz eginda dagoz-eta, eta kanpoaldea bistakoa da, bao-inguruetan, sarbidean eta horma-bularren izkinetan izan ezik. Horreetan, harlanduak erabili dira, euren doitze-aldeetan irregulartasunez eskuairatuak [6].
El pavimento (Zoladurea) oholezko zorua estalduten dauen moketa bat da.
Nabearen zatiak hiru plano mailakatuko pilastra batzuk –toskanar ordenako pieza oso indartsuak– zehaztetan dabez, euskarrien mailan [7]. Korua aldatu zanean, azken pilastrak moztu egin ziran, eta egurragaz egindako mentsula faltso moduko batzuk bihurtu ebezan [8].
Eraikinaren kanpo-sendogarriak honeek dira: hegoaldean, asko urteten daben hiru kontrahorma prismatiko; ortogonalki atxikita dagoz, tarteakaz bat etorrita, eta ez dira sabairaino heltzen, ha baino 5 m beherago amaitzen dira-ta, gitxi gorabehera, hau da, gangen mailan. Iparraldean, arkupea sortzen daben arkuak eurak dira –hurbileko Areatzako San Bartolome eleizan lez– benetako horma-bular arbotantearena egiten dabenak [9]: ostiko lodi bi, jatorriz pinakulu piramidaletan errematauak, erdi-puntuko arku bat sortzen abe, eleizearen hormaraino doazenak. Arku hori plaka-kapiteletara ailegetan da. Iparraldeko aurrekalde horretan ostiko konbentzional bat be badago, lehen deskribidu doguzanen antzekoa, lehenengo eta bigarren tarteen arteko pilastran [10].
Gangei jagokenez bóvedas [11], erdi-puntuko harlanduzko zeharkako arku sendo batzuk banatzen dabez tarteak. Arku horreek, eta hormearen perimetroa zehartzen daben formeroek, zortzi zatiko gurutzeria daukan gangea sortzen dabe. Nerbiodurak oso zorrotzak dira, eta ondoz ondoko eskozien bidez dagoz zehaztauta [12]. Deskribidutako mentsuletan eta pilastretan bermatzen dira, burualdetik hurbilen dagozan zokoetan izan ezik, horreetan profil oso hautsiko mentsula zuzenen gainean bermatzen dira-ta [13].
Nabearen giltzarriak floroiak dira lehenengo eta bigarren tarteetan –lehenengoa zulotuta dago, lanpara bat zintzilikatzeko [14] –, eta aingeru bat hirugarren tartean.
Kapila nagusia nabea baino gorago dago, eta, gaur egun, jatorrian baino motzagoa da, txikiagotu egin da-ta, erretaula pladurrezko tabike baten atzean ezkutetako. Absideak erdi-puntuko ahokadurea dauka: intradoseko kutxa baten txertatutako garaipen-arku bat [15], zeina beheratutako pilastra toskanarren gainean irulten dan. Arku-uztaiaren dobelek floroiez eta abaniko-itxurako hegaldun kerubinez osotutako dekorazino txandakatua daukie [16], giltzarriak izan ezik, horrek landaraz egindako lira-formako apaingarri bat dauka-ta [17].
Absidearen gangea [18] nabearenaren bide beretik eginda dago, baina, horretan, giltzarria frantziskotarren sinboloak landuta daukazan medailoi bat da, eta kordoi batez inguratuta dago. Leku horretan, nerbioak ez dira atzekaldeko hormara eta ertzetara heltzen. Izan be, esan dogun lez, zati hori moztu egin da. Seguru asko, ertzetan nabearen sartaldeko muturretan ikusi doguzanen moduko mentsulak egongo dira.
Kaletik tenplura sartzeko [19] erdi-puntuko pasabide bat dago. Zaharbarritze moderno baten emoitza dirudi, baleiteke-ta hasieran dinteldua izatea. Azken tartean edegita dago, iparraldetik [20]. Bestetik, komenturako sarbidea sakristian egoan, nabearen lehenengo tartearen hegoaldean dagoan bao dinteldu baten [21].
Eguzkiaren argia hegoaldetik sartzen da. Lehenengo eta hirugarren tarteetan leiho bana dago [22], laprandureagaz dintelduak eta beirateagaz itxiak [23]; horreek San Frantzisko eta Santa Klara Asiskoa irudikatzen dabez.
Burualdean, arku formeroa apur bat ikutzen dauen hutsune txiki txaranbeldu bat dago [24].
Korua [25] itsututa dago gaur egun. Jauna hartzeko erabilten zan egurrezko hesi bat da haren behekaldeko babesa, eta goikaldekoa, barriz, mentsula batzuetan bermatutako karel bat, egurrez egindakoa hori be. Hori guztiori esku-hartze garaikide baten emoitzea da.
Kanpai-hormea [26], bitxia bada be, komentuko gelen gainean dago, eta ez eleizearen gainean. Kareharrizko harlanduz eginda dago, eta erlatx bidez banatutako hiru atal mailakatuk osotzen dabe. Behekoa zokalo bat da, orden zehatz barik kurba eta kontra-kurbakaz ebagitako plaka leun bat. Goikoak, barriz, edegita dagoz, kanpai-bao birentzat eta kanpai-bao batentzat, hurrenez hurren. Bao horreek plakaz inguratutako erdi-puntuko arkuak dira; kapitel-zerrenden gainean biratzen dira. Errematea hiruki-formako frontoi bat da, zitori beilegien formako besoak daukazan burdinazko kurutze batek burututa [27]. Goiko erlatxean galloidun pinakuluak dagoz, eta behekoan, beste batzuk, hesitutako piramide eran.
Eleiz-ataria [28] iparraldeko aurrekaldean dago, arestian adierazotako arbotante bien azpian. Astazaldi-teilape baten pean dago [29]. Astazaldiok bolutadun muturra daukie, gubia-aztarnakaz tailatuta dagoz eta funikulu edo kordoi zentral bat daukie, garatuago ertzekoa [30]. Aspaldi ez dala egindako burdin hesi bategaz eta petril altu bategaz ixten da. Sarrerearen ondoan ur bedeinkaturako ontzi bat dago [31]. Galloiak ditu, XVII. mendeko ontzi arruntak bezala, eta plaka bat dauka kurutzerako, kordoi bategaz inguratuta eta begetala dirudien pikor bategaz burututa. Arbotanteetako baten disko erako kurutze bat dago zizelkatuta [32].
Komentuko gela eta egoitzek eleizea inguratu eta handitzen dabe. Kronologiari jagokonez, XVIII. mendearen bigarren erditik XIX. mendearen azken urteetara bitartean edegi ziran. Horma leuneko bao dintelduak, euretako batzuk zirrindola-burdinsareakaz babestuta [33].
Moltso horretako gauzarik aipagarriena ataria da: zirkulu erdiko arku zabal baten [34] ostean portxe bat dago [35]. Plakazko moldureagaz inguratutako hiru ate dinteldu ditu, eta tornurako alaka bat barruko izkinetako batean.
Gitxienez 1560tik egon zan serorategi bat Zubizarra zubiaren ondoko etxe partikular baten, Villaro (gaur egun Areatza) uribildu zaharraren aurrean. Arau monastiko jakin baten menpe egon barik otoitzari lotuta egozan andra elizkoien komunidade bat bizi zan bertan. Komunidade-bizitzako erakunde espontaneo horreek –oso ohikoak Euskal Herriko uribilduetan– oso egoera eskasean bizi ziran, eta, beraz, jarraitutasuna bermatuko eutsen erlijio-ordena baten babesa bilatzen eben. Bestetik, kontrarreforma-giroan Eleizeak ez ebazan begi onez ikusten entidade autonomo horreek, eta, horrenbestez, hareen erregularizazinoa sustatzen ahalegintzen zan. Izan be, 1621ean serorategiak debekatu ebazan Paulo V.a aita santuaren brebe batek. Haren bitartez, serorak euren taldeak desegitera edo klausurako komentuak eratzera behartzen ebazan. Baina arau pontifikal horren aurretik be, 1620ko zezeilaren 13an, Calahorrako eta La Calzadako gotzainak bere bisitatzaile nagusia bialdu eban emakume arratiarren komunidade jainkozaleagaz berba egitera, euren egoera erregularizau beharraz. Hareek urte berean onartu eben halan egitea, Hungariako Santa Isabelen botoak eginez eta ordenaren etxe bat sortzeko konpromisoa hartuz.
Halanda be, denporea behar izan eben benetako komentu bat eregiteko behar ziran baliabideak lortzeko, baina 1632. urterako Zubizarran eukiezan lursailak handituta egozan, eta hirurogeita hamar ofizial eukiezan euren lehenenengo etxea eta eleizea izango ziranen zimenduak jarten. Jatorrizko eraikin ha –ez da gaur egungoa– egiteko lanek 1637. urte hasierara arte iraun eben, eta 18.749 errealeko kostua euki eben guztira1Santa Isabel komentuko artxiboa, Gastuaren I. liburua (1627-1644)..
Seguruenik, oso eraikin apala izan zan, aldi baterako pentsaua, proiektu benetan handi bati ekiteko finantziazino-iturri oparoren bat lortu bitartean. Horregaitik, iraupen laburra euki eban.
1661eko maiatzaren 4an hasi ziran gaur egun ezagutzen dogun eleizearen oinplanoa lur gainean trazetan, eta lan-erritmo biziari eutsi eutsien, harik eta, hamar urte geroago, 1671ko urtarrilaren 25ean, tenplu barria inaugurau eben arte, kapila zaharretik Santua eroateko zeremonia arranditsu bat eginez2Ibid, Gastuaren II. liburua (1644-1665)..
Bitartean, obrak artean martxan egozala, 1666an, izenpetuta egoan Areatzako kontzejuagazko adiskidetasun-akta bat, uribilduak erabateko babespean hartu eian komentua, Zeanuriko eleizateko lurraldean eregita egon arren3BFAH-AHFB, Udalarena, Areatzako Udal Artxiboa, Santa Isabel Komentuagazko Adiskidetasun Aktea. . Horrek, gerora, jurisdikzino-liskar batzuk eragin ebazan.
Eraikin ha ondo mantenidu zan XVIII. mendearen hasierara arte: 1703an horma-bularrak indartu behar izan ziran, 1.622 errealen truke. Halanda be, 1718an ikusi eben gangak edegiten egozala. Preminaz esku hartu behar izan zan arku ezegonkorrak erasteko eta osorik berregiteko, nabean ezeze kapila nagusian be. Berreregite-prozesua oso neketsua izan zan, urte bi iraun eban eta 30.000 errealetik gorako kostua euki eban4Santa Isabel Komentuaren Artxiboa. Gastuaren V. liburua (1695-1714); Gastuaren VI. liburua (1714-1726)..
Mende erdi inguru geroago, tenplua inguratzen daben gela eta egoitzak berregin ebezan. Komentuaren fatxadea XVIII. mendeko bigarren erdialdeko obra bat da, berezko dituan hutsune erregularrakaz eta ataripera sartzeko arku handi bategaz. Haren gainean kanpai-hormea dago, bertatik hur dagoan Dimako Lamindaoko Magdalenaren eleizakoaren ia bardina. Plakak kurbakaz ebagita ditu; Juan de Iturbururen eran, zeozelan.
Hamazortzigarren mendeko estiloko fatxada ha pantaila soil bihurtu zan 1892an, Eladio Iturria arkitektoak moltsoaren barritze sakona planteau ebanean. Izan be, gelen eta logelen solairu oso bat proiektau zan eleizako gangearen gainean, eta horrek ziurtatzen dau 1718-1720ko hobekuntzak behin betiko konponbidea izan zirala5Ibid, Planoak..
Badirudi monasterioak ez ebela aldaketa handirik izan 2006an itxi eben arte. Esan dan moduan, 2019an Berriztuk eskuratu eban. Kapila ekitaldi-areto bihurtu zan, eta horrek aldaketa formal batzuk ekarri ebazan: burualdea laburtu zan, erretaula ezkutetan dauen pladurrezko horma bat altzauz, eta zoladurea moketa bategaz estaldu zan. Gainera, sarrerako “tinpanoa” hormatu zan eta ostiko-arkuen gainean bermatutako pinakuluak kendu ziran.
Bere apaltasunean, Santa Isabel monasterioko eleizeak portaera arkitektoniko noblea dauka, komunidade ertain batentzako monasterio-eraikin bati jagokona, eta, komentu-arkitekturan asko errepikatzen dan eredu bati jarraituz, tentsino bertikal gitxikoa, koru sakonekoa eta apaindurarik bakoa da.
Kanpai-hormea alde batera lagata, eraikinaren gainerakoa inertziazko klasizismoan kokatzen da modu argian, hau da, XVII. mendearen bigarren erdiko Bizkaiko komentu-eleiza femenino gehienen berezko estiloan. Diseinuan, funtzionalidadeagazko eta bertako eraikuntza-tradizinioagazko zaletasun nabaria ikusten da, uko egin jakon-eta erlijio-ordenek proponidu ohi ebezan tabikedun gangak erabilteari. Horren ordez, gurago izan zan gangak kurutzeriagaz estaldutea, hori zan-eta garai hatako euskal parrokia-eleiza gehienetan aukeratzen zana. Kutsu arkaikoko soluzino hori nahiago izateak eta beste eraikuntza-zehetasun txikiago batzuek –berbarako, nabearen burualdean lapranduran dagozan mentsulek– Zeanuriko Andra Marian erabilitako formulak gogorarazoten dabez, eta arabere gehiago Juan de Ansola maisu gipuzkoarrak Durangon egindako lanetako batzuk. Izan be, Areatzako Santa Isabelen beharrean ebilen garai berean, Ansolak komentu batzuk berreregi ebazan Durangoko uribilduan. Paralelismo posibleen ildo beretik, haren jarraitzaile Martin de Olaguibel be aitatu daiteke.
ALTZARIAK
Ez daukagu komentuko altzariei buruzko informazinoa emon ahal deuskun dokumentazino askorik.
Orain dala gitxira arte –eraikina 2019an laguntza-zentro bihurtu arte–, kapilaren aurrekalde osoa beteten eban erretaula [36] barroko bikain bat nabarmentzen zan eleizan. Gune hori ekitaldi-areto izateko erabarritu zanean, pladurrezko paramentu baten atzean ezkutau zan.
XVIII. mendearen hasierako altzaria da, eta bankua, hiru ataleko gorputza eta atikoa daukaz. Hargintza-moltsoa oso aberatsa da, eta beheratutako pilastra toskanarrak eta salomondar zutabeak daukaz. Dana landaraz, loraz, larruz, zenbait kerubinez, fruitu-txirikordez, eta abarrez oparo apaindua.
Alboko kaleetan San Jose Umeagaz [37] eta San Bonaventura [38] irudikatzen dabezan kalidade ertaineko mihise gaineko margolanak dagoz, eta atikoan beste pintura batzuk dagoz, Kalbario bat eta Kristo kurtzifikauaren tailu bat erdian.
Erretaularen buruan, Sortzez Garbiaren [39] irudi bat ageri da, kerubin-mordo baten gainean. Ondoan, San Joan ume bat dago, herensuge bati erasoten. Keinu urduriko tailua da, eta polikromia zaindua dauka. XVIII. mendeko hirugarren laurdeneko rokoko-imajina delikaua da, sano interesgarria. Diadema nahiko deigarria dauka buruan. Tailua, jatorriz, ez zan erretaulakoa –Ama Birjina Sortzez Garbiaren altara zaharraren parte zan–, eta komentuko zenbait lekaimek 1755ean dohaintza pribaduan emonda eskuratu zan6Ibid, Gastuaren VII. liburua (1726-1755)..
Altzaria XVIII. mendearen hasierako erretaulagintza churriguereskokoa da. Sinadura bat dago Kalbarioaren oinean: Jauregui 1714, beharbada Tomás de Jáuregui, Gipuzkoako erretaulagile barrokoen familia garrantzitsuenetako batekoa. Araban be lanen bat egin eben, baina Bizkaian ia bapez. Inoiz ez zan urreztatzen amaitu, nahi-ta abadesak berak 1.400 erreal baino gehiago emon ebazan horretarako7Ibid..
Eskulturea
Erretaulaz gain, tailu batzuk egozan nabean barreiatuta: tamainu naturaleko Santa Isabel [40] bat, barrokoa, ordenako beste komentu batera eroan ebena, eta gaur egun San Bartolome parrokiara eroandako beste irudi bi. Lehenengoa San Antonio Paduako bat da, Umeagaz [41] (165 x 69 x 44,5), jarrera naturalistakoa. Keinu amultsu eta nasaia dauka. Frantziskotarren abitua dauka jantzita, oihal ordenaukoa, kiribildun estofau-polikromiagaz. Hazbegi finak daukaz, apur bat txinatarrak. Aitatutako Santa Isabelegaz batera, 1743an eskuratu eban komentuak, erlijioso partikularren limosneari esker.
Egur polikromauko beste tailuan Asisko San Frantzisko [42] (168 x 77 x 44,5) dago irudikatuta, eta estasian dagoan santuak estigmak jasoten dituan unea erakusten dau. Hori dala-ta, arpegiera bizia dauka, eta gorantz begira dago. Jarrerea dinamikoa da, besoak zabalik fededunari zauriak erakutsiz. San Antonioren apaindura estofau bera dauka abituak. Kalidadeko lana da, Gaztelako ereduen arabera egindakoa, XVIII. mendeko hirugarren laurdenekoa. Jauna hartzeko lekuan egoan sei hegaleko serafin bat eukan alboan [43].
Urregintzea
Komentuan zidargintzako pieza interesgarri batzuk egon ziran gordeta, baina lekaimeek Areatzako komentu honetatik alde egin ebenean klaratarren beste batzuetara eroan ziran.
Horreen artean egoan Sortzez Garbiaren diademea [44] (35 x 35), Manuel Fernández Valcorta (VAL/CORTA) gasteiztarrak puntzoiz landutakoa. Bizkaian, 1758. eta 1774. urteen artean dokumentau da haren jarduerea8CILLA LÓPEZ, 2022a, 1 libk., 350. or., 2. libk., 638. zk.. Eta egile berarenak dira ilargi-erdi liso bat [45] (25 x 25) eta izpi zuzenak eta uhinduak dituan argi-zeinu bat [46] (26 x 26), zidarrezkoak, berezko kolorean.
Barroko garaiko kaliza batzuk be egozan gordeta. Zaharrenen artean, zidarrezko bat, bere kolorean eta gainurreztatua [47] (25 x ⌀14 x ⌀9), oin biribilekoa, pitxer itxurako korapilo bat daukan heldulekua, eta toro zabala. Kopea kanporantz edegiten da, eta zirrindola batek ebagiten dau erdialdean. Pedro de Aguirre (Pº D AGIRE) zidargin bilbotarraren markak eukazan, baita “Villaro” jaubetzakoak be. XVII. mendeko azken laurdeneko pieza klasizistea9Ibid, 1. libk., 317. or., 2., libk., 430. zk..
Beste kaliza interesgarrienetako batek [48] (21 x ⌀13 x ⌀8) eraztundun silueta berezia eukan. Zidarrezkoa zan kolorea, oin biribila eta helduleku balaustradaduna eukazan, lau zirrindola eta pitxar itxurako korapilo bat, baita profil zabaleko kopa bat be. Zirrindola urtenak daukazan modelo soil horrek gogora ekarten deuskuz Amerikako pieza klasizistak, Goi Perukoak. Nahi-ta ez daukan hori probetan dauen puntzonaketarik. Barrokoa, XVIII. mendeko lehenengo laurdenekoa10Ibid, 1. libk., 422. or., 2., libk., 450. zk..
Hirugarren kaliza altare-joko baten parte da, hori bai, Espainia Barrikoa. Zidar gainurreztatukoa da [49] (24 x ⌀14,5 x ⌀8), oso xafla lodiagaz egina, Amerikako piezetan ohikoa dan moduan. Oin lerronahasia dauka, eta erraboil-itxurako gorputza, zeek, hostoek eta loreek betea, arrokaia artean, losanje puntuduna daukan atzealde mate baten gainean.
Oinean Mexikoko puntzonaketak ditu (M bat zutabeen artean, Herkules ezkerrerantz begira dagoala, eta hegazti formako koroa), bai eta Diego González de la Cueva (GNZ) kontrastearenak be. Kaliza hau, altara-jokoagaz batera, 1777an heldu zan, Gabriel Antonio de Bildosola y Gamboa de La Puentek oparituta. Arteakoa zan, eta ahizpa botodun bi eukazan Areatzan11Ibid, 1. libk., 420 or., 2. libk., 514. zk..
Erretilua (24 x 17 x 3), txilina (12 x 7) eta ur-ardo ontziak [50] (24 x 14,5 x 8) ditu lagun. Zidar urreztatuko piezak dira, eta kalizearen apainketa-tratamentu bera daukie, rokoko estilokoa. Kalidade handikoak bozelketa- eta zizelkatze-lanetan. Kalizearen marka berberak daukiez12Ibid, 1. libk., 420 or., 2. libk., 581. zk..
Komentuko eleizearen buruan prozesino-kurutze soil bat egoan [51] (75 x 41), zidarrezkoa, bere kolorean; bertan, ispilu obalak, oholak, galloiak… nagusitzen ziran, klasizismoaren berezko zorroztasun eta funtzionalidadeagaz bat etorriz. Kristo kurtzifikaua konposizino naturalistako irudi eder bat da. Ez dauka puntzonaketarik, eta leitekena da Bilbon edo Gasteizen egin izana, XVII. mendearen bigarren laurdenean13Ibid, 1. libk., 248 or., 2. libk., 149. zk..
Garai hatan kustodia be [52] (41 x 16 x 18) fabrikauko zan: zidar urreztatukoa eta profil lirainekoa da, eta pitxer-itxurako korapilo bat dauka. Erakustokiak izpi zuzenak eta uhinduak dituan apaingarria dauka. Lisoa da, apaindurarik bakoa. Ez dauka puntzonaketarik, baina seguruenik XVII. mendeko 30eko hamarkadan landu zan, inguruko tailerren baten14Ibid, 1. libk., 251 or., 2. libk., 168. zk..
Metalezko gauzak
Kanpaia [53] (63 x ⌀60). Brontzea. Ezkiladuna. Kalbario-kurutze bategaz apainduta dago. Idazkun bat dauka sorbaldan: IHS SANCTE PATERE FRANCISQUE ORA PRO NOBIS AÑO DE 1866. Esteban Echebasterrek urtu eban, Vitoria/Gasteizen15BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005a, 42-43. or..
Kanpaia [54] (64 x ⌀63). Brontzea. Ezkiladuna. Dekorazino neogotikoa dauka, eukaristikoa, Sortzez Garbiagaz eta kurutzefikapenagaz. Idazkun bat dauka sorbaldan: SAN FRANCISCO DE ASIS ORA PRO NOBIS ANO 1906. Esteban Echebasterrek urtu eban, Vitoria/Gasteizen16Ibid..
Kanpaia [55] (55 x ⌀55). Brontzea. Ezkiladuna. Goikaldean dago. Fabrikazino industriala.
Beste elementu batzuk
Organoa [56]. Egurra eta metala. Goi-koruan kokatutako tresnea. Barrikuntza batzuk egin izan jakoz, baina sekretua datatuta eta sinatuta dauka: “A honra y gloria de Dios me hizo Cipriano Estecha en Begoña siendo discípulo de D. Ignacio Bermeo. Año de 1857” (“Jaungoikoaren ohore eta gloriarako egin ninduan Cipriano Estechak Begoñan, Ignacio Bermeo jaunaren dizipulu zala. 1857. urtea”)17SALABERRÍA SALABERRÍA, 1992a, 19. or.. Komentuak 1723an Iruñeko organogile anonimo bati erosi eutsan organo barroko zahar baten ordezkoa da.
Elementos depositados en el Museo de Arte SacroEleiz Museoan gordetako elementuakp;
Kurutze Bideko irudi-orriak [57] [58] [59] [60] [61] [62] [63] [64] [65] [66] [67] [68] [69] [70] (37 x 49). Litografia zuri-baltzak. Kurutze Bide osoa. Estilo akademiko eta historizistako konposizinoak, antolamentu teatrala eta irudi idealizauak ditu. Erromantizismo neurritsuaren oihartzunak igarten dira, baita pintura neoklasikoaren gomutapenen bat be. Lan seriatuak dira, merkaturatzeko eta Paristik masiboki esportetako pentsauak. Izan be, frantses-gaztelaniazko testu elebidunak daukaz, eta horrek arrasto argiak emoten dauz hareen zabalkundeaz. Egile batek baino gehiagok sinatuta dagoz. Alde batetik, Alexandre Leloir, eredu piktorikoaren egilea; Auguste Hermann, litografoa, eta Jean Turgis, Parisen eta New Yorken egoitzak eukazan editore eta inprimatzailea. 1850-1880 inguruko lanak dira.
MRV - RCL - JMGC
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín
7. Ibid.
8. CILLA LÓPEZ, 2022a, 1 libk., 350. or., 2. libk., 638. zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 liburuki (Kultura Ondarearen Ikerketak bildumea, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/ .
15. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005a, 42-43. or.
BARRIO LOZA, José Ángel (dir.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Saila / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Imitorioak bildumea, 12. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/index.asp?idioma=CA .